Tribual aurkeztu genuen Durangoko Azokan

2014/12/09
Tribual jokoak sari bat jaso zuen duela 10 egun, eta pozik gaude beste sariketa batean (Diariovasco.com 2014ko sarietan) app onenaren kategorian finalista gaudelako. Bitartean, Durangoko Azokan ere aurkeztu zuen aplikazioa nire lankide Luistxo Fernandezek, eta nonbait, okerreko aurkezpena eraman zuen. Tira, hemen duzue prestatu genuen benetako aurkezpena, iragarpen pare batekin.
Tribual, eskema teknikoa

Tribual, eskema teknikoa

Hementxe duzue, beraz, bulegoan ahaztutako aurkezpena, Durangoko Azokako Kabia espazioan ikustea tokatzen zena:

Tribual mekanika errazeko joko lehiakor eta adiktibo samarra da. Horrek berez dakarren ondorioa da galdera asko eta asko behar dituela. Udan kaleratu genuenetik, ia mila deskarga izan dira, baina erabiltzaileek dagoeneko 175.000 partida jokatu dituzte. Alegia, galderak milaka behar dira, ez daitezen erre. Trivial joko batean ere, jakingo duzue, nola jokaldi batzuen ondoren galderak buruz ikasten ditugun... Tribual joko honetan milaka galdera edukitzea da modua hori ebitatzeko.

Eta milaka galdera horiek, metodo automatizatuen bidez sortu beste erremediorik ez dago: hori da, gure iritziz, jokoaren ezaugarri tekniko berezkoena.

Galdera erauzketa, iturri irekietatik, software irekiarekin

Galdera erauzketa automatikoa bi norabidetan garatu dugu: batetik sareko zenbait iturri, API bidez edo deskarga errazekin moldatu daitezkeenak, lizentzia libreetan edo ad-hoc baimenen bidez eskuratu ditugunak. API eta lizentzia libreen eremuan geneuzkake, adibidez, Wikipediatik atera ditugun milaka galderak; honetan, bereziki, euskarazko DBPedia proiektuaren bidez jaso laguntza aipatu nahi genuke.

Ad-hoc baimen bat litzateke Armiarma proiektuak eman diguna, zeinari esker literaturako milaka galdera lortu ditugu.

Jokoan bertan, iturri hauei aitortza eta esteka zuzena ematen zaie: galderak osatu ondoren, emaitza zuzenen zerrenda ematen dugu, eta guztietan esteka dago galderaren jatorrira.

Orain, gainera, beste aitortza edo kontribuzio bat egin nahi dugu: iturri irekietatik lortutako galdera hauek erauzteko metodo sorta, Python-en garatu duguna (eta konponente berriekin osatzen joango dena hurrengo hilabeteetan zehar), askatu egin dugu, hementxe: TribualQuestions.

Era berean, pakete horretan sartuta daude sortu izan ditugun beste galdera mota batzuk: eragiketa automatikoak, eta karaktere sortetan letra jakin bat zenbatzeko ariketak.

Twitterren traolak eta zerrendak analisatzen

Iturri ireki horietatik aparte, beste galdera-sorburu bat dugu Tribualen integratua: Twitter. Kasu honetan, hashtag batzuen jarraipena egiten dugu, euskarazko #Mikroipuina eta #Hitzokei traolen bidez osatzen diren hitz-joko eta errelato laburrekin galderak sortzeko.

Traolen jarraipenaz gain, beste modulo bat ere garatu dugu Twitter-list (zerrenda) zehatzak jarraitzeko, eta horietatik "Nork esan du honakoa?" motako galderak erauziko ditugu laster, bereziki jokoa beste hizkuntza batzuetara zabaltzen dugunean. Uste dugu Twitterreko galderak automatikoki lortzeak aktualitatearekin lotutako gaien interesa gehitu diezaiokeela jokoari.

Modulo hau ere Python-en garatua dugu, eta hau ere sarean dago eskuragarri: github.com/codesyntax/twhst

Modulo batekin eta bestearekin, artikulua ilustratzeko erabili dugun eskema osatzen da, eta hor ikus dezakezue backend-eko elementuak direla askatu ditugunak.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Aitzol Naberan

Django garatzailea. Umore fina dauka (Ondarroako estandarretarako)