Umap Iturriak: euskaldunok Twitterren partekatzen ditugun loturen jarraipena

2015/02/26
Codesyntaxen garatu dugun UMAP aplikazioan berrikuntzak plazaratu ditugu azken egunotan. UMAP Iturriak atala berregituratu eta indartu dugu, euskaldunok Twitterren partekatzen ditugun lotura edo iturri informatiboen inguruko estatistikekin. Egunez egun (eta hilez hil) euskaldunok zer hedabide eta iturri partekatzen ditugun, zer neurritan, zenbat URL ezberdin iturri bakoitzeko, eta abar. Azken batean, Twitterren gabiltzan euskaldunontzat zeintzuk diren gure erreferentziazko iturriak, eta bakoitza zer neurritan.

UMAP aplikazioaren bidez, euskaldunok Twitterren daukagun jardunaren jarraipena eta laburpena egiten saiatzen gara, RobSoc teknologiari esker. Besteak beste, zenbat tuiterlari garen, zenbat txiokatzen dugun, zer hizkuntzatan, zeintzuk diren euskaldunon arteko Trending Topic edo joerak, eta abar.

Guzti horrekin batera, UMAP iturriak izendatu dugun erreminta ere garatu eta erantsi diogu Umapi. Duela hilabete batzuk eman genuen horren aurrerapena, eta orain azken garapen eta hobekuntzak gehitu dizkiogu.

Labur esateko, UMAP iturriak horren helburua da, euskaldunok Twitterren (eta euskaraz) partekatzen ditugun URL, lotura edo iturri informatiboen jarraipena egitea. Zer lotura partekatzen ditugun, zenbat aldiz, eta iturri bakoitzak besteen artean daukan garrantzi kuantitatiboa. Ondorengo datuak biltzen eta azaleratzen ditugu:

  • Orduz ordu partekatu ditugun URLen kopurua.
  • Zer iturri partekatu ditugun, eta bakoitza zenbat aldiz.
  • Iturri bakoitzetik zenbat URL ezberdin partekatu ditugun (datu honek, neurri batean, hedabide edo iturri batek sortutako edukiaren gutxi gorabeherako kopurua ere emango digu).
  • Iturri horren URL bakoitza, bataz beste, zenbat aldiz partekatu den (nolabait esateko, hedabide edo iturri horren interesaren neurria).
  • Iturri/hedabide bakoitzak guztien artean daukan pisua.

Datuak ez dira absolutuak, Umapen jarraitzen ditugun erabiltzaileen profiletatik ateratakoak direlako; baina Twitterren eta euskaraz partekatutako loturen isla fidagarria dira.

Datuak egunez egun, hilez hil

Datu horiek guztiak zuzenean eta denbora errealean jasotzen ditu UMAPek, eta ondorengo orrialdeetan biltzen ditu emaitzak, orduka, egunka edo hilabeteka ikusteko aukerarekin.

Hona hemen, esate baterako, urtarrilean partekatu ditugun loturen laburpena:

Ikusten den bezala, gehien partekatzen duguna (ia-ia guztiaren %50), Twitterreko loturak dira, irudiak alegia. Youtubek ere pisu handia dauka. Hilero errepikatzen den patroia da. Horiekin batera, euskarazko hedabide handiak nagusitzen dira: Berria, Argia, Eitb eta Naiz, normalean hurrenkera horretan.

Gainontzeko iturrien garrantzia askoz txikiagoa da: tokiko hedabideak (Ataria, Uriola, Goiena,...), sareko hedabideak (Sustatu, Zuzeu, Ahotsa.info,...), eta abar. Guztira ehunka iturri partekatzen ditugu hilero, eta azpimarragarria da, euskaldunok ia ez dugula partekatzen gaztelaniazko hedabiderik (euskaraz txiokatzen dugunean, bederen). Hala ere, datozen egunotan 2014ko datuen estatistikak eta laburpen osoa plazaratuko ditugu.

Iturri bakoitzaren datuen laburpena

Datu orokorretaz gainera, iturri bakoitzaren datu eta estatistikak ere neurtu eta bistaratzen ditugu, iturri bakoitzaren fitxan (honatx, adibidez, Umap.eu beraren fitxa), eta hileko datuak bistaratzen ditugu:

  • Iturri bakoitza zenbat aldiz partekatu den hilabete bakoitzean.
  • Zenbat URL ezberdin partekatu diren (hein batean, webgune horren eduki-sorkuntzaren neurriaren erakusgarri ere badena).
  • URL bakoitza, bataz beste, zenbat aldiz partekatu den Twitterren eta euskaraz (hau da, edukiaren interesaren nolabaiteko neurria).
  • Iturri horrek orotara duen pisua, gainontzekoen artean.

Esate baterako, hauxe da Umap.eu webguneak Twitterren izan duen oihartzuna azken hilabeteotan:

 

Iturrien arteko erkaketak egiteko aukera

Bukatzeko, iturriak erkatzeko aukera ere gehitu diogu Umap Iturriak atalari. Hau da, bi webguneren arteko konparaketak egiteko aukera, webgunearen eskuinean dagoen tresnaren bidez.

Adibidez, hauxe da sareko bi hedabideren arteko konparaketa, Sustatu.eus eta Zuzeu.eus artekoa:

 

2014ko datuen laburpena

Esan bezala, dagoeneko martxan dago Umap iturriak, euskaldunok Twitterren partekatzen ditugun helbide eta loturen datuak denbora errealean jaso eta aztertzen. 2014ko otsailean hasi ginen datuak jasotzen, eta datozen egunotan argitaratuko dugu iazko datuen laburpena.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Asier Sarasua

Biologoa. Filologoa. 21. mendeko Da Vinci bat