Uztarria.com berria, euskarazko atari lokal beteranoa, 'socialmedia' gisa eraldaturik

2012/02/06
Uztarria.com Azpeitiko Interneteko atari lokalak aro berriari ekin dio asteburuan. Webguneak hamar urte bete berri dituenean -2002ko urtarrilean sortu zen-, Uztarria Komunikazio Taldeak CodeSyntax-ekin berritu du Uztarria.com eta larunbatean aurkeztu zen jendaurrean. Ezaugarri sozialez indartuta dator Uztarria berria.
Uztarria.com, komunitatea

Uztarria.com, komunitatea

Erabilterraza eta sinplifikatua, Azpeitiko Uztarria.com informazio atariak informazioaren antolaketan berrikuntzak ditu, baina edukiaren osotasuna mantenduta. Lau atal nagusitan banatuko da eduki guztia: aktualitatea, komunitatea, zerbitzuak eta Azpeitia.

Bisitaria Uztarria.com-en sartzen denean, Aktualitatea eta Komunitatea atalen edukiak ikusiko ditu sarreran edo azalean. Aktualitatean, orain arteko albistegi nagusia eta webgune ‘zaharreko’ beste zenbait atal, hala nola Argazkia eta Bideoak, bateratu dira. Erabiltzaileei bilaketak errazteko albiste guztien artxiboa ere sortu dugu, Aktualitatea ataleko eduki osoa hilabeteka zein gaika antolatuta. Eta albiste bakoitzean ere, dagokion gaiaren arabera (politika, kultura, kirola…), gai horren barruan aurretik argitaratu diren azken albisteen zerrenda dago bistan.

http://irudiak.argazkiak.org/ea0ac1065cbcae4ba76bc44f1fba3515_c.jpg

Webgune berrituarekin parte-hartzeari ere bultzada berria eman nahi izan dio Uztarriak. Komunitatea atala sortu da; dagoeneko 50 kidetik gora dira bertan.

Funtsean, bi mailatako parte-hartze modu bat da, anonimoki erantzun daiteke, baina edukia kargatzeko kide bihurtu behar duzu komunitatean: baieztaturiko identitateak kudeatzeko sistema bat da, beraz. Erabiltzaile orok izango du Komunitatean kide izateko aukera (azalpen gehiago hemen); Facebook-en edo Twitter-en kontua dutenek, sare sozial horien bidez ere egin ahal izango dute kide-perfila. Kideek anonimoak baino parte-hartze biziagoa izango dute webgunean: informazioa, iritziak, argazkiak, hitzorduak, bideoak edo webguneen loturak igo eta partekatzeko aukera izango dute; eta beren profilak, irudiz, sare sozialetarako estekez, eta baita RSS jarioen ekarpenarekin aberastu ahal izanfo dituzte. Kideen ekarpen original guztiak (ez anonimoenak) portadako eskumako moduloan ere ikusiko dira. Uztarria.com-eko kazetariek kideen ekarpenak Aktualitateko albistegira pasatzeko aukera ere izango dute, kazetaritza irizpideen arabera.

Django azpiegiturarekin eta Python programazio lengoaian egin da Uztarria.com berria. Twitter eta Facebook Connect APIekin lotura estua dauka, eta ildo horretan urrats berriak ere emango ditu datozen asteetan. Hedabide lokal pioneroa izatetik, socialmedia kontzeptu berriaren aitzindari izatera igaro da Uztarria 10 urte bete dituenean.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.