Zorionak IXA taldeari, 25 urtetan eman diguzuen guztiagatik

2013/11/07
Egun hauetan IXA taldeak bere 25. urteurrena ospatzen du, eta gaur iluntzean ekitaldi bat egingo dute EHUko Donostiako kanpusean, Carlos Santamaria liburutegian. CodeSyntax enpresatik ere zoriondu nahi dugu ikertzaile talde hori, bihotzez.
#ixa25

#ixa25

Euskararentzako teknologia garatzen talde honek egin duena, 25 urtean, ez da bakarrik lengoaia naturalaren prozesamenduan ikertu eta aurreratu dutena, ezta produktu zehatzen garapenean eman izan dutena (Xuxen eta beste). Hori baino gehiago da: xaxatu gaituzte gu eta beste asko, etengabe, hizkuntzaren eta teknologiaren bidegurutzean lan egiteko modua dagoela, beharra ere bai, eta funtsezkoa dela esparru hori gure kulturak eta hizkuntzak aurrera egin behar badute. IXAren barruan irakasle direnek formatu dituzten ingeniari belaunaldiak ere hemen daude, gurekin, eta beste toki batzuetan, lanean jo ta sua.

Duela 25 urte, hizkuntzalari eta informatikari hauek elkartu ziren unean, gogoratu beharra dago, euskalgintza esparru teknofobo bat zen nagusiki. Zorionez, esango nuke hori aldatu dela. Aldaketa hori gertatzeko, batzuek matraka eman dugu bozgorailua eskura jarri diguten bakoitzean; beste batzuek, IXA taldekoek, isilago egin dute lana agian, tiki-taka teknologia sortzen, eta pertsonak prestatzen.

CodeSyntax-en 2000/2001 urteen artean jaiotzen ari zela, bereziki gogoratu behar dut IXAkoen animo eta bultzada funtsezkoa. Enpresa honetako lehen liburua, Iñaki Alegriak fakultatetik hartu zuen Python programazio oinarrizkoarena izan zen. Neuk ere irakurri nuen! (bueltatu genizuen, ezta Iñaki?). CodeSyntaxek abiapuntuan ere, kodea eta sintaxia lotu nahi genituen: hori esan nahi du gure izenak, supositorio marka dugula dirudien arren. Internet globalean plataforma eleanitzen garapenak eta hizkuntzen teknologiak i18n/l10n esparruetan lan egiteko aukera emango zigula uste genuen. Hala izan da, ez da agian gaur egunean gure bereizgarri nagusia, baina euskaraz eta gaztelaniaz lan eginda, bi hizkuntza desberdinetan ondo funtzionatu behar duten software aplikazioak sortzen, aaaaaasko ikasten da.

Enpresaren lehen lanetan ere, bezeroak lortzeko FFF estrategia besterik ez duenean batek (family, friends & fools; senideak, lagunak eta tontoak), Ixa taldea izan zen Efe horietako bat: oraindik Zope azpiegiturarekin 2001ean egindako webgune hura martxan dago. Hain teknologia okerra ere ez da izango gero! (dena den, onartu beharra dut "/" azalaren desbideraketarena konpontzen ikasi dugula harrezkero). Goraxeago esan dut, baina errepikatuko dut: elebiduna bazara, eta benetan elebitan (gutxienez) funtzionatzen duen softwarea garatzen baduzu ondo, garapen teknologiko sendoaren oinarri bat eduki badaukazu jada zure indarguneen artean. Euskaldunak garelako ere bagara teknologo finak.  

Neuri, pertsonalki, bideo bat ere eskatu zidaten IXAkoek, zorion-agurren bilduma egin nahi zutela, eta hor duzue.

Gaurko urteurren ekitaldiaz informazio gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.