Zurean.com : tokiko informazio praktikoa telefonoan

2013/03/19
Zure telefonoan herriko informazio praktikoa jasotzeko tresna da zurean.com. Oraingoz 4 zerbitzu eskaintzen ditu: eguraldia, garraio publikoa, mapak eta albisteak.
Zurean.com telefono batean

Zurean.com telefono batean

Zurean.com telefonoetarako pentsatutako zerbitzua da. Sarritan gure telefonoa eskuan geneukala honelako beharra izaten genuen, herri bateko informazio praktikoa modu azkarrean lortzeko beharra. Behar hori betetzeko asmoz jarri genuen martxan eta pixkanaka zerbitzu berriak gehitzeko intentzioa dugu.

Gure enpresaren jardun nagusia tresnak egitean dagoela uste dugu, eta intentzio horrekin saiatu gara lehendik sarean zeuden informazioak moldatu eta modu erabilgarri batean erabiltzaileari aurkezten.

Oraingoz zerbitzu hauek eskaintzen ditugu:

  • Eguraldia: AEMET institutuak emandako prebisioak, herriz-herri.
  • Garraio publikoa: Google Transit-en informaziora sarrera ematen dugu, gure herritik ateratzen diren garraioak kontsultatu ahal izateko.
  • Mapak: OpenStreetMap-en oinarritutako mapa zerbitzua, zauden herriko mapa modu zuzenean ikusi ahal izateko, ahal den neurrian euskaraz.
  • Albisteak: RSS bidez hainbat jatorritatik detektatzen ditugun albisteak eta herriz-herri aurkezten ditugu.

Etorkizunerako beste ideia batzuk ditugu, beti ere erabiltzailearengan pentsatuta ahalik eta tresna praktiko eta azkarrena eginez.

Bisitatu zurean.com zure telefonotik

APP-aren ordez, web aplikazioa:

Zalantzarik gabe iOS edo Android-erako aplikazioak garatzeak azkartasuna eta erosotasuna ekarriko luke, baina uste dugu oraindik aplikazio bat instalatzeak atzera botatzen duela jendea eta horregatik web aplikazioaren aldeko apustua egin dugu. Webgunea telefonoentzat moldatuta dago, HTML5 erabiliz, eta etorkizunean espero dugu estandare honetan oinarrituta beste hainbat aukera garatu ahal izatea.

Erabitzaileen eskaerei entzuteko prest

Aurreko horiek dira oraingoz garatu ditugun zerbitzuak eta baditugu etorkizunerako hainbat aplikazio posible buruan. Baina gustora entzungo dizugu honako edo halako zerbitzua interesgarri litzatekeela iruditzen bazaizu. Modu berean, gaur egun eskaintzen ditugun tresnen erabilera neurtu eta baloratuko dugu hurrengo garapenak bideratzeko asmoz.

Zerbitzua erabiltzean iruditzen bazaizu informazioren bat falta dela (adibidez, zure herriko albistegia ez dugula detektatu), esaiguzu eta ahal den lasterren konpontzen saiatuko gara.

Gure gomendioa da webgunea zure telefonoaren gogokoenen artean gordetzea eta honela zure herriko informaziora sarrera azkarra izango duzu.

Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du

Julen Ruiz Aizpuru
2013/03/19 16:33
Hasteko eta behin zorionak mugikorretarako webgunea egiteagatik. Irudipena daukat puntu batetik aurrera a-pe-pe-titis edo antzerako epidemiaren bat badabilela gurean eta edozertarako aplikazio bat egitea ezinbestekoa dela iritzi diola jendeak, "aplikazioa dut, beraz banaiz" logika aplikatuta edo.

Nago ni hau batez ere informatzea helburu duten aplikazioetarako dela egia. Informaziorako sarbidea bermatu beharrean, eskaintza plataforma konkretuetan geratzen da preso eta, kasu gehienetan gainera, plataforma horrek eskain litzakeen abantaila natiboak erabiltzera iritsi gabe (kamara, sentsoreak, kontaktuen integrazioa...). Esan gabe doa garapen-kostu aldetik garestiagoa dela hainbat plataformetarako garatzea, nahiz eta egia den horretarako framework-ak ere badaudela.

Purrustada txiki hori eta gero, hobetzekoak eta beste:
- Geolokalizazioa. Aplikazio perfektua da gailuaren uneko kokapenera egokitzeko. Hor dago W3Cren geolokalizazio APIa.
- Datuak offline biltegiratzea konexiorik ez dagoenerako. HTML5 teknologiek honetarako bidea ematen dute aplikazio-cacheen bitartez.
- .webapp manifestua gehitzea gailu mugikorretan aplikazioa bere ikonoaren bidez martxan ipini ahal izateko
- Mapan atximurka eginda zooma ez da gerturatzen/urruntzen
Gari Araolaza
2013/03/20 09:25
Eskerrik asko Julen! Gu ere iritzi berdinekoak gara APP eta web aplikazioen arteko eztabaidan. Zure eskaerei kasu eginez:

- Geolokalizazioa: Bai, pentsatuta dugu hori gehitzea.

- Datuak offline... hor zalantza gehiago. Garraioa edo mapak ezin dira offline jarri. Bestetik, sortzen duen trafikoa ez da handia eta datu tarifa arruntenerako egokia dela uste dugu.

- .webapp manifestuarena begiratuko dugu. Hori bada izan dugun kezka bat eta horregatik touch-icon bat gutxienez jarri diogu. Ez genuen ezagutzen. Eskerrik asko!

- Mapan atximurka egitearena detektatuta genuen.

Eskerrik asko benetan halako gertuko errepasoa egiteagatik!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Gari Araolaza

Ingeniaria, proiektu zuzendaritza. Python, Whitesnake, Scrum, Yngwie Malmsteen.