Bertsozale: bertsoak plazan jarraitzen du, webguneak informatuko zaitu buletinarekin

2013/12/17
Poz handia eman digu Bertsolari Txapelketa Nagusia nola joan den. Aurtengo bezeroetako bat izan Bertsozale Elkartea. Bertsozale.com berritu genuen, eta BTN13 gune berezia egin ere bai. Baina, adi, ez dira amaitu notiziak, eta ez dira amaitu bertsoak. Buletin praktiko batekin ostegunero abisatuko dizu Bertsozale.com-ek zer hurbiltzen den plaza bakoitzera asteburuan.
Buletinaren irudi bat, postontzian jaso bezala

Buletinaren irudi bat, postontzian jaso bezala

Nire lankide Josu Azpillagak azaldu zuen Bertsozale.com nola egin dugun aurreko mezu batean: bi lan, elkarren osagarri, Bertsozale.com berritua, eta BTN13 gune berezia. Bertsozalea eta elkartekoa da Josu: proiektu arduradun egokia izan da. Sistemen aldetik ere lan pixka bat egin genuen: saioetan zerbitzariek zein ederto agoantatu duten Mikel Larreategiren meritua izan da. Horrez gain, meritua, bertsolariena batetik, eta Bertsozale Elkartearena ere bai.

Txapelketaren erretrato oso bat geratu da artxibatuta. Ikusi Beñat Gaztelumendiren ibilbidea. Saio guztiak, bertsoaldi guztiak, bideoak ere bai mordoa Bertsoa.com-i esker, eta oraindik osatzeko dagoen dokumentazioa (etorriko da, lasai). Bertsozale Elkartearen lan bikaina da hori, CMS-a eurek kudeatzen baitute.

Eta hemendik aurrera ere bai. Alde horretatik, gauzatxo bat gomendatu nahi dizuet: buletina. Txapelketa baino lehenagokoa da hau, udaberritik dabil martxan, baina orain olatuaren aparretan gaudela, akaso interes gehiago piztuko du. Ostegunero osatzen da buletin elektronikoa, automatikoki. Maketa irakurterraz bat osatzen dute azken egunetako albisteek, eta, bereziki, hurrengo egunetako agendak. Hau da, asteburuan ze plazatan eta txokotan, zein bertsolari dauden ostegunean jakin dezakezu. Harpidetu hemendik.

Bezeroentzako gure produktu eskaintzan, Postaria markarekin, Mailman software libre eta euskaratuan oinarritutako buletin eta zerrendak eskaintzen ditugu. Ez dizute Mailchimp baten analitikarik emango, baina, batzuetan, gauza bat behar duzu batez ere: zure publikora iritsi. Elkarteen kasuan, bazkide eta zaletuen e-postetara erregulartasunez webgunearen berri emanez iristeko modu bat da. Eta zaletuek, jarraitzaileek, zure eskaintzan interesa dutenek, eskertu egiten dute.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.