CodeSyntax eta Akting-en esperientzia, EBEuskadin

2012/05/15
Joan den larunbatean izan zen EBEuskadi jardunaldia Bilbon, eta han izan ginen, Joxe Aranzabalek moderatuta, ni neu CodeSyntax-en izenean, eta Nagore Guarretxena Akting-ekoa. 21. mende honetan, negozio digitala euskaraz egin daitekeela azaldu genuen biok.
Joxe Aranzabal, Luistxo Fernandez eta Nagore Guarretxena

Joxe Aranzabal, Luistxo Fernandez eta Nagore Guarretxena

Geure enpresa Akting baino lehenagokoa izanda, paralelismoak markatu ziren Joxe Aranzabalek moderatutako elkarrizketan. Lantalde euskalduna, produktu propioak euskaraz, eta baita bezeroentzat (baina ez bakarrik bezero euskaldunak, jakina), eta oro har euskaraz lan egitea ezeren eragozpen izan barik, eleaniztasuna abantaila bat delako sentsazio garbia transmititu genuen neuk eta Guarretxenak (edo horixe iruditzen zait neuri). Hitz egin genuen bitartean, diapo hauek pasatu zituen Joxek.

Presentazio horretan ez da ikusten, baina Akting-ekoek bideo hau ere erakutsi zuten. Egiten duten English Thursday esperientziak ere interesa erakarri zuen.

Neure aldetik, hizketaldian nabarmendu nuen kontutxo bat ekarri nahi nuke: Umap bezalako gauza bat egin genuenean, Twitterreko euskarazko jario guztia biltzeko robot bat, ez genuen euskara ikasi; baina Twitterreko denbora errealeko APIaz informazio jario etengabe bat nola kudeatu, inteligentzia kolektiboaren seinaleak nola detektatu eta zentzuzko edukietan eraldatu... Horretaz bai, horretaz dexente ikasi genuen. Euskararentzako lan egin, beste inork ez baitu sortuko euskaldunon ordez, eta lan hori egiten duzun bitartean, IKT ikasi, beste produktu batzuetan lantzeko.

Ildo horretatik, Umap-ekin ikasitakoak Twitterrekin zerikusia duten beste produkturen batzuetan gauzatua ikusiko dugu laster. Adi albisteei.

CodeSyntax eta Akting EBEuskadi jardunaldian

Eskerrik asko EBE eta EBEuskadi, negozio digitalak euskaraz nola egiten ditugun azaltzeko aukera emateagatik.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.