CodeSyntax, Irontec eta Zylk Brasilen

2012/03/15
Egunotan Brasilen gabiltza ESLEren, Euskadiko Software Libreko enpresen elkartearen, Lankidetzan Lehiakortasuna hobetzeko eta Merkatu berriak bilatzeko planaren baitan. Gurekin batera Irontec eta Zylk enpresak, elkarteko bazkideak baita ere, etorri dira Brasilgo software merkatuaren egoera gertutik ezagutzera, erronkak eta aukerak, merkatua irekitzeko asmoz.

Beraz aste osoa pasako dut Brasilen, herrialde interesgarria hazkunde handiko ekonomiarekin. Herrialde handia da hau, bostgarrena lurraldearen tamaina eta biztanlegoari begiratuta. Ekonomikoki hazkunde-datu deigarriak ditu eta jada munduko seigarren potentzia da.

Software librea dela eta, administrazioak bereziki bultzatzen duen sektorea da, eta gure ikuspuntutik nazioartekotze aukera handiak ematen ditu, aztertzeko modukoak. Horregatik erabaki dugu egunotan Sao Paulo eta Rio de Janeirora etortzea.

Bidaia bileraz bete-betea daukagu. Sektore publikoko erakundeak, elkarte pribatuak eta enpresa mordoxka bat dauzkagu agendan.

Brasilera egindako lehen irteera hau, beste bidai batzuekin batera (Alemania, AEB, Erresuma Batua, Belgika eta abar), esfortzu handia da gurea bezalako enpresa txiki batentzat, baina derrigorrezkoa geroz eta mundu globalizatu eta lehiakor honetan. Lortutako emaitzak eta egindako ahalegina epe ertain edo luzean neurtu ahal izango dugu, 5-6 urtean. Oraingoz emaitza baikorra da, hori bai, oraingoz bilera asko eta sanba eta caipirinha gutxi.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Eneko Astigarraga

Kudeatzailea, CFO. Gorbata janzten duen pertsona kabala.