2023/10/11
Sarean Euskaraz eta XARE euskarazko kultura digitala sustatzeko egitasmoak dira. Egitasmo hauen protagonistak gazteak, euskara eta teknologia berriak dira. 2023ko Jardunaldiekin hasteko Urriaren 11n eta 12an Iruñeko Baluarte Jauregian izan ginen, bertan Iruñerriko hamar ikastetxeetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako gazteekin "Egunean Behin" jokoarekin "Sarean Euskaraz" programan parte hartzen.

WhatsApp Image 2023-10-24 at 09.56.58 (2).jpeg

Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Sarean euskaraz egitasmoaren ardatzak. Pandemiak oso epe motzean teknologia berrien garrantzia eta digitalizazio prozesuak areagotu ditu. Horregatik, are premia handiagoa dago sustatzeko gazteen formakuntza teknologikoa eta euskararen erabilpena IKTetan.

Era beran, Sarean euskaraz programa Nafarroako hiri eta herri ezberdinetara zabaltzeko ahalegina aipagarria da. Herritar guztiei zerbitzua berdintasunean eskaintzeaz gain, IKT-en prestakuntza landa guneetara eramateak garrantzi berezia dauka, digitalizazioa landa garapenerako estrategikoa baita eta herrien huste arriskua saihesteko prebentziorik onena.

XARE, euskarazko kultura digitalaren jardunaldiak, formatu ezberdinak jorratu dira urte hauetan, bi eguneko jaialdia, goiz bateko jardunaldiak, ikastaro-zikloak eta azken urtean, pandemiak eraginda, erdi-presentziala: ikastetxeetan lantegi praktikoak aurrez aurre eta bestelako edukiak online Moodle plataformaren bidez. Baliabide eta formatu guztiak ongi etorriak dira teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko. Aurten ere, XARE jardunaldiak Euskal Autonomia Erkidegoko hiri ezberdinetan antolatu dituzte eta CodeSyntax bertan egongo da Egunean Behineko aurkezpenak egiten. Jardunaldiak hurrengo egunetan izango dira:

  • XARE Laudio: Azaroaren 28an.
  • XARE Gasteiz: Abenduaren 4an eta 5ean.
  • XARE Donostia: Abenduaren 12an eta 13an.

Dinamika oso erraza proposatzen du Egunean Behin jokoak. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galderari erantzun beharko diozu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago eta azkarrago asmatu, hobeto! Erantzun zuzenen kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortuko dituzu.

Eta, horren arabera, sailkapenean gora edo behera egingo duzu, jakina. Sailkapena, normalki, asterokoa da: astelehenetik igandera bitarteko partidak hartzen ditu kontuan. Sarean Euskaraz eta XARE Jardunaldietan, ordea, zuzeneko partidak jokatzen dira, parte hartzen duten gazteen artean lehiatzeko. Txanda bakoitzeko 3 partida bizkor eta sari bat egoten da. 

Sekulako giroa egoten da eta gazteak gustura hartzen dute parte, ez baitago ikasteko modu hoberik, jolasean baino.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek