Ekitaldia Eibarren, Zientzia eta Berrikuntzaren Hiri izendatu dutela eta

2011/02/21
Eibar da CodeSyntax jaio eta garatu den herria, eta hemen egiten dugu lan egunero. Pozik gaude horregatik, Eibarri egokitu zaiolako Espainiako Gobernuak emandako Zientzia eta Berrikuntzaren Hiri izendapena. Aste honetan, Udalak izendapen prozesu horri lagundu dioten hainbat erakunderi eskerrak emango dizkie, izendapena ospatzeko ekitaldi batean. CodeSyntax han izango da.

Urtarrilean jaso zuen herriak Zientzia eta Berrikuntzaren Hiri izendapena. Espainiako Gobernuak 30 hiri nabarmendu zituen horrela, eta geure dago tartean. Orain, Miguel de los Toyos alkateak izendapen-prozesuan laguntza eskaini zuten hamahiru erakunderi diplomak emango dizkie: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Alfa enpresa taldea, Eibarko Erresidentzien gunea, Debegesa garapen agentzia, Tekniker-IK4 fundazioa, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Bic Berrilan, Armeria Eskola, Debabarrenako Adineko Pertsonen taldea, El Corte Inglés, Eibar Kirol Elkartea eta geure enpresa, CodeSyntax.

Ekitaldia, otsailaren 23an izango da, asteazkenez, 19.00etan Eibarko Armagintzaren Museoan, Portalea eraikinean. CodeSyntax gonbidatu dute hitz batzuk esatera eta Luistxo Fernandezek, enpresako sortzaile eta bazkideetako batek, hartuko du tarte bat zerbait esateko, ez 10 minutu baino gehiago, espero dezagun.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.