Eraldaketa Digitala masterren EHU eta UEUrekin elkarlanean
Etorkizuneko profesionalak prestatzen
CodeSyntax-en uste dugu ezagutza partekatzea eta belaunaldi berriak prestatzea gure konpromisoaren parte direla. Horregatik, hainbat lankidek parte hartuko dute master honetan, bai antolaketa mailan bai irakaskuntzan.
Eneko Astigarraga, Mikel Larreategi, Josu Azpillaga, Gari Araolaza lankideek Masterreko Batzorde Akademikoan, Enpresa Digitala eta Kudeaketa moduluaren arloan, Marketin Digitala ikasgaia eta Komunikazioa eta Sormen digitala moduluaren arloan Webgintza ikasgaien ardura izango dute. Bertan, marketin digitalaren estrategiak, web garapenaren oinarriak, arkitektura digitalak eta egungo web-teknologien aukerak jorratuko dira, gure eguneroko jardunean erabiltzen ditugun teknologia eta metodologietan oinarrituta.
Esperientzia praktikoa, euskaraz
CodeSyntax-en 25 urteko ibilbidean softwarea, webguneak eta aplikazioak garatzen aritu gara, Python, Django eta Plone bezalako teknologia libreekin, eta erakunde publiko zein enpresa askoren eraldaketa digitaleko prozesuetan lagundu dugu. Esperientzia hori guztia ikasleekin partekatzeko aukera izango dugu master honetan.
Ikuspegi akademikoa eta praktikoa uztartzea da helburua, eta horregatik, irakasgaietan benetako kasuak, proiektuak eta eguneroko jardunetik eratorritako erronkak izango dira oinarri.
Eraldaketa digitala, euskaraz eta kalitatez
Pozgarria da guretzat euskarazko goi-mailako prestakuntza eskaintza honetan parte hartzea, eta are gehiago, UEU eta EHU bezalako erakundeekin elkarlanean egitea. Digitalizazioaren erronkak gero eta handiagoak diren garai honetan, profesional berriak prestatzea eta ezagutza euskaraz sortzea funtsezkoa dela uste dugu.
Masterraren inguruko informazio gehiago:
- EHU: https://www.ehu.eus/eu/web/graduondokoak/eraldaketa-digitala-masterra
- UEU: https://www.ueu.eus/jarduera-akademikoa/2361-eraldaketa-digitala
Eraldaketa digitalean adituak behar dituzte gure enpresek, datuen analisi aurreratua, adimen artifiziala eta plataformen arkitektura negozio estrategian integratzeko gai diren kudeatzaileak... Eta hori da Master honen helburua: eraldaketa digitalean trebatzea, online eta euskaraz.
Bestetik, Masterrak zuzenean jorratzen du Euskadiko Eraldaketa Digitaleko Estrategian (EEDE/ETDE) identifikatutako "egiturazko ahulezia": datuak balio estrategiko bihurtuko dituen profil hibridoen eza.
Era berean, subiranotasun teknologikoa eta kulturala bultzatzen ditu: ebaluazioak zioen moduan, euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea ez da logistika soilik, baizik eta balio estrategiko handiko ezagutza tokiko lan-hizkuntzan garatzeko palanka bat.
Eta ikaskuntza Dualaren Eredua jarraitzen du Masterrak: Praktiken ibilbide bat eta Kasu Estrategiko Aplikatuen modulu bat enpresara ezagutza berehala transferitzea ziurtatzeko.
Elkarrekin, etorkizun digitala eraikitzen
CodeSyntax-en beti sinetsi dugu teknologia ez dela helburu bat berez, baizik eta pertsonen eta erakundeen garapenerako tresna. Horregatik, poz handiz ekingo diogu erronka berri honi, etorkizuneko profesionalekin ikasten, partekatzen eta eraikitzen jarraitzeko.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
OpenLLM Basque Day 2026
2026/06/19
Xiba, joko eta app berria
2026/05/22