Firefox OS: aukera bat aplikazio mugikorrak egiteko, egiazki webguneak garatuz

2013/05/14
Joan den astean izandako IEB 2013 biltzarrean, azken urte parean bueltaka dabilkigun zalantza (edo galdera, edo are borroka ere!): aplikazioak mugikorretarako, ala web garapena egin mugikorretan erakusteko. Julen Ruiz garatzaileak pista batzuk eman zituen horretarako, oso kontuan hartzekoak, eta hemen aipatu nahi nituzke. Gainera, Firefox OS sistema berriaren emulazio batean, geure proiektu bat erakutsi zuen, Zurean.com, enfoke horrekin bat egiten duen aplikazio bat.
Zurean.com Firefox OS-rekin ikusiko den moduan

Zurean.com Firefox OS-rekin ikusiko den moduan

Hemen Julen Ruizen aurkezpena, Donostian izandako IEB 2013 biltzarrean aurkeztu zuena (Zaloa Etxaniz CodeSyntax-ekoak ere hitz egin zuen biltzar horretan).

Haren jardunetik azpimarratu daitezkeen puntu batzuk.

  • Kontuz app-ekin: lehen webgintzak Microsoften IErekin zuen arrisku berdina dugu mugikorretan iOS eta Androidekin eta, batez ere, euren marketplace-ekin.
  • Nabigatzaileen itxitura gertatzeko arriskua zegoen garai hartan, Mozilla fundazioak, Netscape zaharretik tiraka, Firefox atera eta webgintza irauli zuen, nabigatzaile ez estandar hari (IEri, alegia), kontra eginda. Orain berdina lortu nahi da mugikorretan, Firefox OS-rekin.
  • Zein den diferentzia: ba, Firefox OS zabaltzen duzunean, jada nabigatzaile bat (Firefox) zabaltzen duzu, Interneteko nabigatzailea bera da sistema eragilea. Eta, hardwareak API bidez bidaltzen du informazio guztia, nabigatzailera.
  • Beraz, edozein HTML5eko aplikazio/garapen komunikatu daiteke osoki hardwarearekin. Orain, hain xuxen, hori da Android edo iOS app bat egiteko arrazoi nagusietako bat, bakarra ez bada: ezin dela azelerometroa, argazki kamera, orientazioa, GPSa... erabili HTMLtik.
  • Lehenengo gailuak aterako ditu Mozilla fundazioak berak; nahiko aparailu xumeak izango omen dira, eta hasiko dira komertzializatzen herrialde txiroagoetan (India, Hego Amerikan...)


Gainera, Firefox OS sistema berria simulatzaile baten bidez erakutsi zuenean, Zurean.com aukeratu zuen horretarako. Tira, CodeSyntax-en garapen bat da Zurean.com, eta webgune bat den arren, mugikorrean erabiltzeko dago pentsatua osoki. PC batean irekitzen baduzu, praktikotasun gutxi topatuko diozu. Mugikor batean, berriz, aplikazio natibo bat bezala joango zaizu. Eta, kasu honetan, Apple-ren iOS izan, Android izan, eta etorriko diren Ubuntu mugikorra izan edo Firefox OS izan, geuri bost: denetan ondo (hori espero dugu behintzat).

Herriko informazio praktikoa jasotzeko tresna da Zurean. Hemen duzu informazio gehiago berari buruz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Josu Azpillaga

Ingeniaria. Bertsolari txarra, bertsozale ona.