gtimelog orduen kontrola eramateko

2012/07/04
Orain denbora bat hasi nintzen laneko orduen kontrolerako gtimelog erabiltzen. Tresna oso sinplea da gtimelog: goizean lanera etortzean "egunon" mezua idatzi eta denbora kontatzen hasten da.

Proiektu jakinen baten lanean hasi eta lana bukatutakoan markatu "Proiektua 1". Gero beste baten hasi eta bukatutakoan "Proiektua 2" markatu. Hau da, lana egin ostean jarri behar da marka.

Kontatu nahi ez duzun zerbaiten aritu bazara ** ikurrarekin markatu daiteke eta automatikoki ez du kontatuko egindako lana. Konfigurazioa ere badu eta eguneko lan-ordu kopurua ezarri dezakezu eta zenbat falta zaizun ere esaten dizu.

Baina ezaugarririk erabilgarriena, guretzat behintzat, asteko ordu-laburpena da. Proiektu beraren gainean egindako lanorduak batu eta asteko (edo hilabeteko) laburpena ateratzen du programak. Hori gure barne ERPurutxorekin lotuta daukagu, han laburpen-inportatzailea baitugu eta pare bat klik eginda lan-orduen kontrola proiektu-kudeaketa tresnarekin lotuta daukagu.

Batzuk alemaniarra naizela esaten didate tresna hau erabiltzen dudanetik nire ordu laburpenak minuturainoko zehaztasuna baitute. Gauza ez da zehatz-mehatz ordu kopurua jakitea, gutxi-gora beherakoa baizik, baina tresnak bietan laguntzen du; zehatz-zehatza izan nahi baduzu (hortik, alemaniarrarena) horretarako aukera ere ematen du-eta.

gtimelog python-en idatzita dago eta PyPIn eskuratu daiteke. Debian edo Ubuntu badarabilzu, APT erabiliz instalatu dezakezu (apt-get install gtimelog). Windows-en jartzeko badago prozedura konplikatu bat, baina guk ez dugu lortu (denbora asko ere ez dugu eman saiatzen).

Eguneraketa: Nagore eta Lur kexatu egin direnez, garbi geratu dadila Plone Team osoak erabiltzen duela aplikazioa.

xabi
2012/07/04 17:05
Interesgarria dirudi, baina nola abiarazten da. Mac batean instalatu dut eta ez dakit nola abiarazi.
Mikel
2012/07/04 17:30
Nik Linuxen gtimelog exekutatzen dut terminal baten, beraz antzeko zerbait izango da Mac-en ere.
@GaurDaBIhar
2012/07/04 17:56
Kaixo
Berria holako gauzetan, beraz galdezka nator :))
Komillatxoak beharrezkoak dira edo barik ere kontutan hartzen du agindua/proiektoa?
"Egunon" izan behar du edo beste hitz batek balio du?
Dena bukatzeko, "Agur" "etxera" edo besterik gabe itzali gtimelog?

Milesker oharrarengatik, frogatzen hasi nahi dut!!
Mikel
2012/07/04 17:59
Nahi duzun bezala, komillekin edo gabe biekin funtzionatzen du.

Truko bat ere badago, proiektu baten hainbat ataza egiten badituzu atazaren izena : ostean jar daiteke, eta gero batuketa proiektuka ere egiten du. Hau jarriz gero:

CodeSyntax: bloga
CodeSyntax: proiektu1
CodeSyntax: proiektu2

Ordu guztiak CodeSyntax proiektu barnean kontatuko ditu, eta bakoitzaren ordu kopurua ere kontatuko du.
@GaurDaBIhar
2012/07/04 19:30
Milesker
Sartu eta ateratzearena? Hau da, "egunon" edo beste zerbaitek balio du? Eta lan guztiak amaitzeko etxerako ordua delako, menuko itxi, ala agindu bat? Edozein agindu?
Iepa. Bihar bertan erabiltzen hasiko naiz orain pare bat frogatxo eginda.
Mikel
2012/07/06 12:52
Sartzeko "egunon" hori nik jartzen dut, baina nahi duzuna jar dezakezu.

Irten aurretik azken lan egin duzun proiektuaren izena jarri eta kitto, ez da era berezian markatu behar.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Larreategi

Plone garatzailea. Nazioarteko Xake Epailea #truestory