Gure enpresa ere, Euskararen Nazioarteko Egunean

2012/11/28
Euskaraz lan egiten duen enpresa da gurea. Ez daukagu (oraingoz) ziurtagiririk baina, esaten badizuet, sinistu mesedez. Non sortu garen eta non egiten dugun lan presente dugu beti. Datorren astelehenean, Euskararen Nazioarteko Egunean (abenduaren 3an), gure apurra ere emango dugu.

Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu informatikoak daramatzan enpresan, Lantik-en, hitzaldi bat emango dut nik neuk, goizean. "Internet eta euskara, informatikarientzako kontu batzuk" izenburua jarri diot, audientzia tekniko samarra izango baitugu. Lantik-eko euskara normalizazioa kudeatzen duen Elhuyar Aholkularitzak gonbidatuta goaz hara.

Arratsaldez, Eibarren, goizetik iraungo duen ekitaldi batean parte hartuko dugu: Toribio Etxebarriaren Eibarko Lexikoiaren irakurketa kolektibo eta jarraian, Eibarko Udaleko pleno aretoan. 18.35etaik 18.40etara izango da CodeSyntax-en tartetxoa.

Lexikoiaren irakurketa 19.00etan amaituko da eta hantxe bertan, jarraian, gure enpresako lankide batek, Asier Sarasuak, mahainguru batean parte hartuko du Serafin Basauri eta Antxon Narbaiza eminentzia eibartarrekin. Kasu horretan Sarasuak ez du jardungo CodeSyntax-eko ordezkari teknofilo gisa, baina tira, hemengo langileok bizitza errealak ere baditugu kanpoan eta Sarasuak Badihardugu elkartean eta beste hainbat gauzatan ere jarduten du. Hiruen artean Toribo Etxebarriaren figuraren inguruan jardungo dute mahainguruan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.