Hedabide digitalen komentario sistemetan badago zer hobetu, irizpideak eta teknika uztartuz

2012/07/11
Bai horixe, munduko hedabide digitalen komentario sistemetan badago zer hobetu. Sustatu.com berritzeko prozesuan honi garrantzi berezia eman diogu, eta, ikusiko dugun asmatzen den ala ez, baina saio kontziente bat egin dugu behintzat. Hausnarketan oinarritutako irizpideak eta adibideak batetik (Urola barnealdekoak eta Estatu Batuetakoak, prezisamente!), eta teknologia bestetik, azken alderdi honetan garapen propioak sareko identitate-biltegi nagusiekin lotuz (Twitter eta Facebook).

Informazio eta eztabaida gune nagusiak egunkarien webguneak dira, eta anonimotasun hutsean pilatutako gorotz metaketa bihurtu dira. Bai Vocento taldean zein El Pais-en Eskup plataformarekin, erregistro beharra ezarri zuten komentatzeko, baina emaitza berdin berdina da: kaka anonimoa.

Eskup, iruzkin sistema El Pais-en

Baliorik gabeko eduki nahaspila horrekin zapuztu dira medio asko, eta Estatu Batuetan gehienek komentarioak "kanpora atera" edo externalizatu egin dituzte, beste barik.

Bi modutan egin dute iruzkinen outsourcing hori Estatu Batuetan:

Facebook erabilita batzuek. Bi adibide:

Facebook bidezko iruzkin sistema


Eta Disqus sistema apur bat zabalagora joz beste batzuek. Beste bi adibide:

Disqus iruzkin sistema

Javascript sistemak dira biak, edukia ez da indexatzen... login sistema externoak dira, ez integratuak webgunearen datubasearekin, nahiz eta Disqus-ek extra batzuk badituen hedabideentzat onak

Baina beste batzuk ez dira konformatzen egoera horrekin, eta aldaketak badatoz. Albiste honetan kontatzen denez Gawker hasi da proiektu tekniko interesgarri batekin (Berezitutako blog edo hedabide digitalak idazten dituen enpresa da Gawker). Sistema konplikatu bat da, ez da erraz ulertzen interfazea, baina nonbait erantzun interesgarrienak igartzeko metodo bat daukate.

Gawker: iruzkin sistema

Hemen ikus daiteke, adibidez (baina bueno, Javascrip bidezkoa da hori ere, eta edukiaren aldetik ez da gehien gustatzen zaidana)

Beste ekimen interesgarri bat webgune honetan egin dutena.


Iruzkin sistema, parrafoz parrafo

Iruzkinak utzi daitezke, ez bakarrik artikulu osoan, baizik eta parrafo zehatzean. Hala ere, oso argia ere ez da, eta instrukzioak behar dira.

Guk ere pentsatu izan dugu komentario sistemen gauza honetan. Uztarria hedabide lokalean, eta Sustatu apur bat zabalagoan, sistema misto bat ezarri dugu: erregistro propioa, baina baita sarearekin ere. Uztarriakoa izan zen lehen saioa, martxoan, eta han jendeak batez ere e-posta bidezko erregistroak egin ditu, eta asko anonimo antzekoak dira, herriko eztabaida sutsuetan sartzen diren erabiltzaileenak. Hala ere, anonimoak izan arren, profil orrian iritzien historiko bat agertzen du erabiltzaileak, eta horrek badu bere balioa.

Perfila Uztarrian

 

Uztarriako esperientzia hori baliatu dugu Sustatun, erregistro soziala (Twitter eta Facebook bidezkoa) gehiago nabarmentzeko, eta era berean beste webgune baten inspirazioa ere izan dugu tartean, The Verge albistegi interesgarria. The Verge-n, komentarioak daude profilekin lotuta, Uztarrian eta orain Sustatun bezala.

Perfil orria The Verge-n

 

Erabiltzailearen jarduna Sustatun

Erantzutean mezua sareetan zabaltzeko aukerak ere gehitu ditugu, erantzunek eragin biralagoa izan dezaten. Pertsona ez anonimoek zirkulu sozial-pertsonal propioetan zabaltzen dute komentarioen eragina, modu identifikatuan... Hori ere aurrerakuntza bat da.

Iruzkinak Sustatun, 2012-07

Django azpiegituran egindako berrikuntzarekin, profil-erregistro-komentarioen arteko lotura hau are gehiago garatzea espero dugu. Sistema moderatu gabe, irekian eduki ahal izateko moduko neurria dugu (ez gara hedabide miliotsu bat bezain masiboak), baina teknikoki ere Sustatun anonimotasunaren gutxitze bat bultza daitekeela uste dugu, komentarioen kalitatea handituz. Eta uztail hasieratik dauzkagun iruzkinetan halako zerbait nabaritzen dela uste dugu.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.