Klikmetroak.com sare sozialak integratzen dituen aplikazio birala

2011/07/05
Gipuzkoako ikastolen aurtengo jaia, Kilometroak 2011, Azpeitian ospatzen dela-eta, ekimen berria abiatu dute Interneten: klikmetroak.com. CodeSyntax-ek egin du webgune hori. Twitter eta Facebook sare sozialen gaitasun birala esplotatzen duen aplikazio bat da.
Klikmetroak.com

Klikmetroak.com

Zera da koxka klikmetroak.com webgunean: Kilometroetako ibilbidea sarean jarrita dago: 5930 metro ditu. Lagun bakoitzak metro bat egin dezake gehienez eta, beraz, 5930 lagun behar dira ibilbideari itzuli bat emateko. Era berean, herritarrek metroak hartu ahala, enpresa, merkatari eta elkarteek metro horiek diruz babestuko dituzte.

Metro bat egiteko, bi modu daude:

  1. Formulario bat bete argazki bat, izen-abizenak, e-posta eta Kilometroakekin zerikusia duen mezua. E-posta konfirmatu egin beharko da.
  2. Facebook edo Twitter kontua irekita duten erabiltzaileek, handik klik egin eta hartu ahalko dute metroa, modu bizkorragoan.

Herritar bakoitzak metro bana egiteko aukera izango du. Eta metro bat bakarrik. Ezingo da Twitter edo Facebook kontu beretik edo e-posta berdinetik, metro bat baino gehiago hartu.

Aplikazioa CodeSyntax enpresak garatu du, Django sistemaren gainean, Facebook, Google Maps eta Twitterreko APIekin konexioak erabiliz.

Twitter edo Facebook bidez egiten denean konexioa, erabiltzaileak aukera du sare sozial horietan bere ingurukoei metroa hartu duela jakinarazteko. Eragin biral eta hedatua sustatzen da horrela. Klikmetroak agertzen dira webgunean bertan, baina baita nork bere lagunarteare ingurunean, sare sozialetan.


Argazkiak.org | Klikmetroak Facebook-en © cc-by-sa: codesyntax

Goian Facebook-eko adibidea, eta behean Twitterrekoa. Metro jakin horretara doan URL laburtuarekin (goo.gl zerbitzukoa) doa mezua.


Argazkiak.org | Klikmetroak-etik Twitterrera © cc-by-sa: codesyntax

Hartutako metro guztiak ikusteko hiru modu eskaintzen ditu webguneak: zerrenda moduan, aurpegia eta mezuak ikusteko aukerarekin; aurpegi edo irudiz osatutako mosaiko moduko batean edo, azkenik, ibilbidearen beraren gaineko mapan kokatuta.

Babesleak

Babesleek, aldiz, bakoitzak bere neurriko babesa eskainiko dio ekimenari. Batzuk norbanakoen 10 metro babestuko dituzte, beste batzuk 20 edo 100. Aldez aurretik, babesleek ez dakite zer eta zeinen metroak babestuko dituzten eta norbanakoek ere, noski, ez dakite euren metroa nork babestua izango den.


Argazkiak.org | Klikmetroak.com: metro jakin bat © cc-by-sa: codesyntax

Babesleen artean, Berria taldea, Noticias de Gipuzkoa, Domusa eta beste hainbat agertzen dira. Eta, datozen egunetan, gehiago izatea espero da.

Berria.info-k bere azalean ere jarri du Klikmetroak aplikazioaren lehiatila. Era horretan bertatik ere eman dezakete izena erabiltzaileek. Iframe erako leihatila hau beste babesle batzuen guneetan jartzeko prestatua.


Argazkiak.org | Klikmetroak.com Berrian © cc-by-sa: codesyntax

Integrazio hau egitea oso erraza da, eta beste babesleen esku ere badago. Hedatutako aplikazioaren ideiaren beste alderdi bat da hori, gero eta ohikoagoa Interneteko ingurunean: aplikazio bat ez da bakarrik bere puntu-com zehatzera murrizten, baizik eta irismena handitzen du sare sozialetan (APIen bidez), eta beste webguneetan (zuzen garatutako integrazio sistemekin).

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.