Komunikaldiak: berrikuntza 'media' produktuetan

2013/03/21
Komunikaldiak Jardunaldietan izan nintzen atzo, Arrasaten. Berrikuntza laborategien eta ekimenen berri entzun genuen, eta bereziki arreta jarri komunikazioarekin zerikusia duten berrikuntza prozesuetan.
Dinamik Ideas, H-Enea eta Basque Ecodesign-eko ordezkariak moderatzailearekin (argazkia: Gorka Etxabe, Tulankide.com)

Dinamik Ideas, H-Enea eta Basque Ecodesign-eko ordezkariak moderatzailearekin (argazkia: Gorka Etxabe, Tulankide.com)

Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak antolatzen ditu urtero Komunikaldiak, eta aurreko batean, hizlari izatea ere tokatu zitzaigun. Orduan egile eskubideak izan ziren gaia. Aurtengoan, berrikuntza. Hizlari barik, oraingoan entzule izan gara, eta gustura, komunikazio eredu eta produktuetan berritzaile izatea gai garrantzitsua iruditzen baitzaigu.

Atzoko jardunaldiko ekarpen interesgarrienak honako hauek iruditu zitzaizkidan:

George Por ikerlariak aurkeztutako ideia-laborategien adibideak (Idealab edo Hack Forward, adibidez), baina bereziki, media munduarekin zerikusia duten proiektu batzuk. Bereziki, Signalnoi.se eta Watchup (iPad-erako aplikazio bat, bideoak kontsumitzeko, kurazio erraminta bat beraz, nolabait automatizatua). Bi produktuetan Niagarank-ekin egiten ari garenaren zantzuak ikustea iruditu zitzaidan, zarata/seinalea erlazioa fintzea, eta edukien kurazio automatizatua, hain zuzen ere.

Euskal Herriko beste berrikuntza ekimen batzuen artean, interesgarriak iruditu zaizkit Dinamik Ideas eta H-Enea enpresen ekimenak, eta enpresa publiko baten ekimenez sortu den Basque Ecodesign Center-eko Ideia Laborategia. Ideia berritzaileen laborategi baten bi lan garrantzitsu antena teknologikoa izatea eta zaintza konpetitiboa direla azpimarratu du bertako Leire Elduaienek.

Aipagarria baita ere, egindako iragarpen bat: Goikolab izeneko ideia-laborategia sortuko dela, Huhezi fakultatearen komunikaziko kanpus berrian, Aretxabaletan. Mondragon Unibertsitatea eta Goiena taldea (bien webguneak, CodeSyntax-ek eginak) izango dira horren bultzatzaileak, eta ikasleen ekintzailetasuna eta komunikazio-berrikuntza sustatzea izango da laborategi horren zioa. Goio Arana Huheziko irakasleak aurkeztu zuen ekimen hau San Frantziskotik egindako bideokonferentzia batean.

Mondragon Unibertsitatea bezero preziatutzat dugu, eta haien adar batzuekin I+G proiektuak ere garatu izan ditugu. Nik uste dut Huhezi fakultatearekin ere izan daitekeela halako kontuetarako aukerarik aurrerantzean. Nolanahi ere, gurekin edo gu gabe, zorte handia opa diogu Goikolab ekimenari.

Jardunaldiari buruzko beste kronika bat Tulankide webgunean.



Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.