2011/10/21
Biltzar interesgarri batean izan nintzen atzo Donostian. Indusmedia topaketa: Marketin digitala enpresa industrialarentzat. Euskal Herrian hedatua dagoen enpresa mota zehatz batentzat oso baliagarria izan zelakoan nago. Bertan bizitako batzuk laburbiltzen ditut jarraian.

Sare sozialen erabilpenean egon zen zentratua neurri handi batean atzoko Indusmedia jardunaldia, eta esperientzia interesgarriak entzun genituen. Kanpotik etorritako bi hizlari interesgarrik, Alfonso Alcántara andaluziarrak eta Victor Puig katalanak, sare sozialen erabilpen pertsonal eta zuzen bateko aldarrikapena egin zuten. Twitterren presentzia bat landu eta izatearen garrantzia azpimarratu zuten biek. Victor Puig-en puntutxo batekin geratu nintzen, bereziki: funtsezkoa da Twitterren duzun bio laburra (larritasunez, bart gauez aldatu nuen neurea, eta oraindik ez nago konforme, besteren bat behar dut... hemen nabil bueltak ematen).

Puigek, gainera, web presentzia ondo antolatu baten garrantzia azpimarratu zuen, eta Kataluniako zenbait webguneren kontra-adibideak erakutsi zituen, gauzak nola ez diren egin behar.

Adibide negatibo horiez gain, positiboak ere entzun genituen; aipagarriak, adibidez:

  • Orbea nola ari den 2.0 tresnekin, bereziki Facebook-en, jarrera xalo eta lotsagabe batekin engaiamendua lortzen erabiltzaileekin.
  • Elkarte industrial ustez antipatiko bateko ordezkariak (Luis Blanco-Urgoiti abokatuak) nola komunikatzen duen, zuzen eta garbi, bere lana, Twitterretik eta blog korporatibo batetik.
  • Estatu Batuetako enpresa baten filialak, Laudioko bere egoitzatik, aitzindaritza nola hartu dezakeen sare sozialetan Europa osorako (Eva Muñozen aurkezpen interesgarria)
  • Estrategia egoki baten garrantzia azpimarraru zuen Overaliako Guillermo Vilaroig-en, denok ulertzeko moduko terminoetan: salmentak lortu, eta, batez ere, aukeraren kostoaren arriskua ebitatu, estrategia prebio sendo batekin ondo planifikatuz zer esan nahi duzun zein merkatutan, eta presentzia hori planifikatuz ondoren.


CodeSyntax-en ikuspegitik, gure berezitasun eta esperientziatik hurbilagoa suertatu zitzaigun Eli Garcia Mondragon Unibertsitateko irakaslearen aholku sorta: nola garatu nazioarteko presentzia Interneten; nola egin internazionalizazioa, itzulpenetik haratago. Eduki kudeaketa egokiaren garrantzia, domeinu politika ondo pentsatua, hizkuntza aldaketarako pistak, profesional natiboekin lan egitearen garrantzia... Pista interesgarriak Garciarenak guztiak, eta erakutsi zituen arrakastako kasuen artean, ba, Freixenet-en nazioarteko despliegea, edo hurbilago, Fagor Arrasate enpresarena, edo Ulma Packaging-ena. Azken kasu hau geure bezero batena izaki, eskertu behar diot aipua Garciari :) Hartu behar dut denbora pixka bat kasu hori luzeago euskaraz azaltzeko... oraingoz gaztelaniaz deskribapen bat utzia daukat hemen.

UlmaPackaging.it

 

Gainerakoan, aretoa ondo hornitua wifi eta entxufeez, kanape primerakoak, Akuariumeko buelta, berriketaldi interesgarriak. Zorionak Enpresa Digitaleko Iñaki Lakarrari eta gainerako antolatzaileei. Baina ohikoa bihurtzen ari den dezepzio bat ere bai: neu baino askoz ordezkari erakargarriagoak bidaltzen dituzte CodeSyntax-en lehiakideek sarao hauetara. Lotura, Arazi, Maramara, Adaki: utzi espazioa besteoi, aizuek! Baldintza horietan bisita-txartelak banatzen lan egitea oso zaila da! Tira, eskerrak gero, amaitu ondoren, 19.00etan entzun genituen albisteekin, aldartea aldatu zitzaidala. Balantze eginez, atzokoa egun pozgarria izan zela esateko moduan gaude, ezta?

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek