free web hit counter
2026/06/19
Atzo, ekainaren 18an, ospatutako OpenLLM Basque Day jardunaldiak ikuspegi itxaropentsua erakutsi zigun Europako adimen artifizialaren (AA) etorkizunari buruz. Goiz osoan zehar Enpresa Digitala, Mondragon Unibertsitatea eta HiTZ zentroak antolatutako hitzaldi ziklo batean ibili ginen Bilboko Iberdrola dorrean. AEBko eta Txinako hizkuntza eredu handiekiko (LLM) mendekotasunari aurre egiteko, Europan zimenduak mugitzen hasi direla dirudi, eta topaketan joera eta gako nagusi batzuk nabarmendu ziren.
  • Subiranotasuna: Hau izan da gehien errepikatu den hitza. AEB eta Txinarekiko menpekotasunak murriztu edo eteteko garaia dela, Europak bere teknologia eta ikuspegia behar duela, subiranotasuna behar dugula europar ikuspegia, hizkuntza gutxituak, negozio ereduak, gardentasuna... gurean gailentzeko. Zer gertatzen da egun batetik bestera AEBtako gobernuak zure lan fluxuan erabat integratuta duzun LLM eredua erabiltzea debekatzen badu? Mythos/Fable efektuaz hitz egin da.
  • LLM eredu handiena / azkena ez da onena: Gaur gaurkoz, gure lanen %90a baino gehiago egiteko ia edozein ereduk balio digula, ez dela abanguardiako eredua eduki behar. Askotan, eredu oso txiki batek guk behar dugun lana egin dezakeela eta horrek kostuetan, pribatutasunean, ingurugiroko inpaktuan... izugarrizko eragina duela. Enpresa batzuk duela urtebeteko ereduak erabiltzen dituzte, eta ez dute besteren beharrik.
  • Enpresa guztiek dituzte (eduki behar lituzkete) LLM routerrak: Subiranotasunarekin (hornitzaile bati lotuta ez egotea) eta erabilera kasu ezberdinak doitzeko, bertaratu diren enpresa eta entitate denek LLM router bat erabiltzen dutela aitortu dute. Hau da, inferentzia egiten den softwarearen (txatbota, opencode adibidez) eta LLM ereduaren artean software bat garatu dute neurrira. Horrela, kasuistikaren arabera (lan mota, erabiltzailea, konfidentzialtasuna...) LLM ereduak routeatu egiten dituzte eta eredu jakin bat erabiltzen dute kasu bakoitzean: Adibidez, garatzaileek Opus 4.7, administrazioa API bidezko hornitzaile batek duen Latxa, dokumentu super sekretuak atzitzeko on-premise jarrita duten eredu lokal bat etabar... Horrela, ez daude hornitzaile eta eredu bati lotuta eta flexibilitatea dute software stack osoa aldatu gabe edo zerbitzu mozketarik izan gabe probak egin edo hornitzaile / ereduz aldatzeko.
  • Eredu lokalak: Enpresa guztiek ez dute eredu lokalak martxan jartzeko ahalmena. 8B eta 12B parametroko eredu txikiak agian jar daitezke zenbait kasutarako, baina Latxa moduko 70B parametroko eredu bat jartzeko azpiegitura serioa behar da. Horrek ez du esan nahi erabili ezin direnik edo erabili behar ez ditugunik. Badaude hornitzaileak zerbitzu hori eskeintzen dutenak, badaude gertuko edo Europako hornitzaileak konfidentzialtasuna mantentzen dutenak eta eredu ertainak martxan jarri ahal dizkizutenak. Askoz hobe da gertuko enpresa batekin akordioa egitea, AEBtako edo Txinako enpresa bati gure datuak oparitu eta gainera prezio dantzan eta garantiarik gabe ibiltzea baino. Lehen aipatu moduan, soluzioak ia beti hibridoak dira: lan txikiak eredu oso txikiekin modu lokalean eta lan handiagoak horrelako zerbitzuak eskeintzen dituen enpresa espezializatuago batean API bidez.
  • Berdin du AEB edo Txina: Hau esan izanak eta aitortu izanak harritu egin nau. Badirudi publikoari begira orain arte egon den kontakizuna, "AEB etxekoak eta lagunak dira eta Txinakoa txarra edo kasu batzuetan etsaia" kontakizuna izan dela. Baina ia denek aipatu dute eredu guztiak probatu dituztela eta lehen aipatu dudan ereduen routing horrekin, kasu bakoitzerako AEB edo Txinako ereduak erabiltzen dituztela, lainoan edo modu lokalean ere bai. Zer axola du Europar ikuspegitik bai geopolitikoki eta baita enpresa handi eta botere konzentrazio aldetik AEB edo Txinari ematea gure datuak? Hitzaldi amaieran galdera: Gaurtik hasi eta 18 hilabeterako eredu bat bakarra erabiltzeko aukera bazenute, zein erabiliko zenukete? Bi ez dira busti, baina beste bik Qwen3.6 aipatu dute.
Aipamen extra bat bi ereduri:
  • Apertus eta Soofi: Eredu Europear erabat libreak argitaratu dira. Hau da, Mistral ez bezala (naiz eta hau ere liberatutako eredua izan), datu sortak, entrenamenduko prozesuak, entrenamendurako erabilitako infraestrukturaren informazioa, paperrak... den dena publikoa izaten ari da. Horrek, ereduak hobetzeko eta berriak ateratzeko aukera gehiago emango ditu eta eredu hauekiko konfidantza ematen du. Apertus Suitzan egina da eta eleaniztasunean du indarra: Administrazioan eta dokumentazioan jarri dute indarra hasieran, baina eredu multimodala (irudi/soinua) garatzen ari dira jadanik eta epe ertainera eredu agentikoa izatea nahi da (tresnak eta erabakiak exekutatzeko aukera izatea). Soofi berriz, eredu alemaniarra da. Apertus bezala, administrazioan erabiltzeko aukera badago ere eta legelariek ere erabiltzen badute ere, automozioarekin ari dira elkarlanean industria astunaren prozesuetan AA txertatzeko. Eredua prest dago eta publikatuko dutenaren iragarpena egina dago, baina oraindik ez dago HuggingFaceen eskuragarri.

Elkarlanerako deia

Orain arte "eske AEB eta eredu Txinatarren aurrean ezin da ezer egin" izatetik, "ari gara eta lortu daiteke" mezua bidali da jardunaldian. Proiektu eta eredu Europearretan parte hartzeko deia zabaldu da; ereduak hobetzea, konputazioan eragitea, jakintza handitzea eta adituak sortzearen garrantzia azpimarratu dute. Inbertsio oso handiak datozela, bai datu zentro eta konputazio mailan. Ideiak, proiektuak eta elkarlana falta dela.

Jardunaldiko hitzaldi, gai eta xehetasun gehiago ezagutzeko, informazio osoa Enpresa Digitalaren webgunean kontsultatu daiteke. 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek