Pantori, merkataritza elektroniko esperientzia interesgarri bat

2013/11/14
Xabier de la Maza ekonomilari eta Interneteko ekintzailearen txanda izan zen atzo Betor hitzaldi sortan. Pantori proiektuaz hitz egin zuen: harreman pertsonalek garrantzia handia duten merkataritza elektronikoko ekimen bat.
Xabier de la Maza #Betor hitzaldian

Xabier de la Maza #Betor hitzaldian

De la Maza Interneteko hainbat kontutan dabil. Enpresari gisa, La Salsera izeneko ekimenean dabil produktu gastronomiko eta kulturalen sareko marketinean batik bat, pare bat bazkiderekin (Andoni Munduate eta Nacho Bueno, zeinekin beste fase batean Delifunart sortu zuten). Eta Pantori.es-en atzean, %50arekin dago La Salsera eta beste erdia La Bici Roja enpresak darama, Deskontu.com sortu zuen Txomin Jauregiren ekimena (hau ere igaro zen Betor hitzaldietatik).

Urtebete pasa egin du lanean Pantori.es webguneak eta zera du funtsa: egunean produktu gastronomiko baten eskaintza zaindu bat, prezio onean, bidalketarekin. "Pantori galdu ezin dezakezun aukera bat da": webgunearen erabiltzaileak ideia horrekin gera daitezen da bultzatzaileen asmoa.

Produktuak aurkitzen, Espainian barreiatuta dauden ekoizle askotan artiasauekin baldintzak negoziatzen, bidalketaren inguruko arazo logistikoak konpontzen, copy erakargarri bat egitearen garrantzia testu eta irudietan... Horretan ematen dute lana Pantorikoek, eta horixe azaldu zigun De la Mazak.

Baldintza ekonomikoez oso argi hitz egin zuen De la Mazak, eta eskertzen diogu.

  • Ekoizleekin negoziatzen saiatzen direna: salmentaren %20 helburu gisa, eta segun ze erresistentzia edo negoziazio planteatzen duen batek, ba hortik behera ezinbestean (bezeroari eskaintzen zaiona, salmenta bolumena baino gehiago, promozioaren abantaila dela azaltzen saiatzen dira, ez beti arrakastarekin).
  • Zerbitzuak fakturatzen duena honela banatzen da: ekoizleek %57 eramaten dute, garraio enpresek %27, Pantorik %16. Garraio eta logistikarekin zelako buruhausteak dituzten ere azaldu zigun.
  • Irabaziak norainokoak diren ere esan zigun: bi lagun daude lanean eta haien soldatetarako ematen du Pantorik. Baina enpresa bultzatzaileek, La Salserak eta La Bici Rojak, ez dute oraingoz hortik gorako etekin zuzenik ateratzen.


Hortxe dago koxka, nola hazi, eraldatu, bere buruari eusten dion zerbait izatetik gorago jotzeko. Hausnarketa horretan buru belarri daude sartuta, eta "merkatu ikerketak" enkargatu barik, gauzak egin egiten saiatuko dira. Horrelako test bat izango da laster martxan jarriko duten Pantori.co.uk zerbitzu britainiarra.

UK ekimenaren ideia ez da Pantori Ingalaterran erreplikatzea, baizik eta Espainiako katalogoan identifikatuta dituzten 8 produktu zehatzekin promozio bat egitea Erresuma Batura lau astetan.

Erresuma Batuko ekimen honetaz edo prozesuaren gainerako puntuez elkarrizketa interesgarria egon zen publikoaren eta De la Mazaren artean. Bideoan ere grabatu zuen hitzaldia Berriak, eta hemen daukazue.

Erabili zuen aurkezpena ere itsatsi dugu sarean.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.