Search congress-eko tailerrak

2010/02/01
Pasa den ostegun eta ostiralean Interneteko hainbat zeregin aipatzen zituen Search Congress bilkura burutu zen Bilbon. Hona hemen ostegunean egon ziren hiru tailer interesgarriren kronika bertan hartutako apunteekin.

Audientziak handitzeko estrategiak

Diariovasco.com-eko lantaldeko lau lagunek beste hainbeste hitzaldi eman zituzten ostegun goizeko lehen saioan. Beren webgunearen trafikoa bikoiztea lortu dute urtebetean eta horretarako hainbat bide jorratu dituzte: edukiak, SEO-a eta sare sozialak.

Audientzia handitzeko estrategia (Ainhoa Iglesias)

Lehiakideengandik bereiztea da helburua eta horretarako blogetan aspalditik erabiltzen diren teknikak hasi dira erabiltzen DV-n:

  • Internetera egokituta dagoen eduki originala sortzea.
  • Google News trafiko iturri moduan erabiltzea.
  • Webgunean pasatzen den denbora areagotzea: erlazionatutako artikuluetara loturak eta multimedia edukiak erabiltzea.
  • Sare sozialetan albisteak zabaltzea elkarrizketak sortuz

Posizionamendua komunikabideentzat (Beatriz Santo-Tomás)

Bilatzaileetatik jasotzen duten trafikoa gorantz doa, besteak beste, egiten dituzten ondorengo lanengatik:

  • Kazetariak entrenatu: Interneten nola idatzi behar den, erabiltzaile zein bilatzaileentzako, erakusten diete: bilaketetako hitzak erabili, izenburuak eta testuak nola landu, eta abar.
  • Webgunearen analisia: funtsezkoa da hautsitako loturarik  eta aurkitu gabeko orririk (404 errorea) ez egotea.
  • Estatistikak aztertzearen garrantzia: funtsezkoa da kalitatezko trafikoa eduki nahi bada etorkizunean. Gainera, erabiltzaileek egindakoa aztertzean interes berriak ere topa ditzakegu (horra hor atletismoarentzako sortu duten atal berria).

Bestalde, hitzaldi honetan ere aipatu zen SEOan datozen hilabete eta urteetan etorriko diren aldaketak, bereziki real-time search delakoa.

Sare sozialak (Verónica Vieites)

Behin baino gehiagotan aipatu dugun elkarrizketan parte hartzeko beharra aipatu zuten. Sare sozialetan erabiltzaileekin hitz egin behar da, beraiek benetan zer nahi duten jakin eta horixe emateko.

Gainera, sare sozialetan egon eta hitz egiteko jarrera badaukagu egiten dizkiguten kritikei erantzun ahal izango diegu.

Komunitatea landu beharra dago, pausuz pausu, pixkanaka. Lan horretan dabiltza beraiek, besteak beste Facebooken talde bereziak sortzen: danborrada, zinemaldia edota Jazzaldirako, adibidez.

Monetizazioa eta marketin ekintza bereziak (Maider Perea)

Ondorengo puntuak aipatu ziren hitzaldi honetan, besteak beste:

  • Analitika funtsezkoa da eta eman beharreko pausuak ondo zehaztea komeni da:
    • Helburuak jarri
    • Neurtu daitezkeen irizpideak jarri
    • Diru sarrerak estimatu
    • Epeak jarri kontrolak egiteko
    • Datuak bildu eta analisia egiteko moduan antolatu).
  • Sareak markak plazaratzeko aukera paregabea ematen digu, baina marka hori sarera egokitu behar da. Egokitzapen horretan funtsezkoa da elkarrizketak ematea erabiltzaile eta bezeroekin.
  • DVk errentagarritasuna bilatzeko akzio berriak egin ditu: publizitate modu berriak (publireportajeak egiten dihardute) eta edukien marketina egiten (Klik eta klik, argazki lehiaketak, eta abar).

Metrikak nola probestu

Multiplica enpresako Oriol Ibars-ek eman zuen hitzaldian webgunearen analisia eta probak egin beharrak aipatu ziren.

Ondorengo akats hauek egiten direla orokorrean aipatu zigun Oriolek:

  • Webgunerako gaizki idatzi.
  • Call to action-a ez da argia.
  • Gure ikuspuntua erabili weba egitean eta ez erabiltzaile edo bezeroarena.
  • Landing pages edota lurreratze orriak gaizki sortu.
  • Erosketa prozesu luze edota nahasgarriak.
  • Neurketarik ez da egiten.

Argi eta garbi azpimarratu zuen konbertsio ratioa haztea izan behar dela gure helburua. Amazon edota Gmail bezalako webguneak ikusi besterik ez dagoela, konbertsioa da helburua.

Konbertsioa lortzeko bide bakarra probak dira, adibidez A/B testak, arrazoi hauengatik:

  • Webgunea ez da perfektua.
  • Ez da esperimentazioaren beldurrik izan behar eta proba ugari egin behar da.
  • Ez gara intuizioaz soilik fidatu behar.
  • Gure erabiltzaileek diseinatu behar dute gure webgunea, ez guk.

Egindako proba hauetan, funtsezkoa da neurketak egitea, aurretik zein ondoren.

Sare sozialak, komunikazioa eta enpresak

Cink enpresako Jesus Gordilloren eskutik joan zen eguneko azken tailerra.

Aditu honen ustetan enpresek bere osotasunean ikusi behar dute Internet eta estrategia garatzean alor ezberdinak landu, batak bestearekin elkarlanean: teknika (webgune on bat eta SEO-a), komunikazioa/marketina eta enpresaren eskaintza. Hirurak izan behar dira lehiakorrak.

Enpresek erabiltzaileekin hitz egin behar dute, era aktiboan, eta komunitatea sortzeko helburua argi edukiz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.