Sormenean hezi, Kfe Innovacion ekitaldian aurkeztutakoa

2011/06/08
Kfe Innovación izeneko ekimenean parte hartu nuen atzo, CodeSyntax-en izenean, agian enpresako langintzan zeharkakoa den gai batekin: hezkuntza. Hiri hezitzaileak zen Kfe04 delako ekitaldi kolektiboaren gaia, eta testu-inguru horretan, teknologiaren aurrerapenen ikuspuntutik egindako aldarri batekin agertu nintzen forora: Sormenean hezi. Nola sormena sustatu daitekeen IKT-en bidez, eta nola sormena eta harekin lotutako trebetasun batzuk gako inportante bat diren benetako Ezagutzaren Gizartea sortzeko, etorkizun ekonomikoki sendoagoa bat izan dezagun, eta ingurune horretan ahal delarik geure seme-alabak ondo prestatuak, arduratsuak eta sortzaileak izan daitezen.

Ainhoa Ezeiza EHUko irakasleak antolatu du Donostiako KFE04 eta lagunarte txiki batean ospatu genuen. Ekarpen desberdinak, kontraste egin zutenak. Ez dakit neureak bat egin zuen topaketaren izpirituarekin, baina tira, hor dago aurkezpena.

Beti bezala, zaila diapositibak ulertzea azalpenik gabe, baina osatuko dut esanez ikus-entzunezko material batzuk ere erakutsi nituela:

Aurkezpeneko puntu pare bat azaltzeagatik. Batetik, GTA Eibar bideo horrena... Honekin azaldu nahi izan nuena da: joko biolento eta zoro horrekin, institutuan ikaskideak tiroka garbitzen hasiko diren nerabeak haziko ditugu? ala akaso Alex Lope eibartarraren bideo horrek erakusten duen bezala, arkitekto eta zinegile potentzial bat? Ni optimista naiz.

Bestetik, duela aste pare bat Bilbao Web Summit delako topaketan entzun nuen hizlari interesgarri baten irudia.

Gareth Mills izan zen hizlari hura, eta horra bere aurkezpenekoa. Jakintzaren zuhaitza... irudi barojiano hori. Googlen erantzun guztiak eskura dauden une honetan, zer ikasi? nola irakatsi? zertan formatu seme-alabak.

Ezagutza zehatzen ostoak, datuak... Horiez hornitu ikasleak, hori izan da bidea orain artean neurri handi batean. Orain, garai teknologiko honetan, non osto horiek eskura dauden bi kliketan Google edo Wikipedian, zuztarrak lantzea da koxka, Millsen arabera: baloreak, sormena, trebetasunak... Hortxe dago fakoa. Zuztarretan, eta ez bakarrik seme-alabak hezi nahi baditugu, baita etorkizuneko eredu ekonomiko eta zibil bat nahi badugu gure gizatearentzat. Proiektu estrategikoak zein diren argi edukita, Ezagutzaren Gizartearen eraikuntza dela, ez beharbada porlan eta altzairu produkzio etengabea.


Argazkiak.org | Donostiako Ipar-ekoingurabidea © cc-by-sa: Unai_Fdz._de_Betono

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.