Sustatu App, albiste-aplikazio tipikoa baino zerbait gehiago

2017/03/30
Sustatu App prest dago jada Google Play dendan, Android mugikorretarako. Aplikazioa Sustatu albistegira dago lotua, baina webgunearen edukia eta funtzioak errepikatu barik, saiatu gara zerbait berria egiten Sustatu App-en.

Sustatu.eus albistegi teknologikoaren ispilu hutsa egin barik, zerbait desberdina egiten saiatu gara Sustatu App-ekin, zeina deskargatu dezakezun jada Google Play dendan.

Aplikazio asko dira, webgune bati lotuta daudenak, webgunearen edukia eta funtzioak errepikatzen dituztenak. Sustatu App egiteko orduan, saiatu gara kontzeptu horretatik urruntzen; izan ere, Sustatu.eus mugikorretarako prezeski diseinatutako webgune aski funtzionala delako.

Horregatik, Sustatu App-en diseinua eta funtzionalitatea beste hiru ardatz hauen gainean eraiki dugu:

  • Notifikazioetan dago gakoa, erabiltzaileak erabakitzen du ea asko nahi dituen, hiruzpalau egunean, ala bakanak bakarrik.
  • Aplikaziotik zuzenean erantzuten da Sustatu webgunera, eta erantzunak automatikoki argitaratzen dira. Izan ere, identifikazio-sistema batekin lotua da aplikazioa.
  • Interfazeak txat aplikazioen tankera du nolabait, notifikazioak Inbox edo mezuen karpeta batera doaz, eta hortik erantzun dezake erabiltzaileak.


Azken puntu hau esperimental samarra da, bai eta ere, ea erantzuteko aukerak jendearen interesa harrapatuko duen ala ez. Jakitun gara oso erantzun gutxi gertatzen direla Sustatu webgunean ere, eta ez dakigu horrela gehituko diren. Nolanahi ere, izen-ematea edo login baieztatua eskatzen duen erantzun-sistema baten aldekoak izaten jarraitzen dugu, moderaziorik gabeko sistema askoren zaborrak ez digu inbidia handirik ematen.

Irudi nagusian klikatzen baduzue, ikusiko duzue nola sartzen diren albisteen notifikazioan, eta nola erantzun daitekeen interfazetik: era berean, erantzuna argitaratu delako abisua jasoko dugu berehala.

Hemen beheko beste irudi hauetan, erabiltzailek identifikatu ondoren dituen notifikazio aukerak, eta albiste jakin bat klikatuz gero, berau nola ikusten den.



Euskara teknologia berrietan sustatzeko Eusko Jaurlaritzako HPSk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntzekin garatu dugu Sustatu App.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.