2009/12/08
Euskarazko tokiko hedabideak osatzen dute TOKIKOM eta nolabait esateko Topagunearen aldizkarien marka bateratua da. Topagunearen Hedabide Saila 45 hedabidek osatzen dute: paperezko aldizkariak, irratiak eta telebistak ere bai, gehi haietako askok dituzten albistegi digitalak. Testuinguru honetan, Tokiko hedabideen jario agregatzailea garatu dugu Topagunearentzat, TOKIKOM webgunean jarraitu dezakezue.

Django Framework-aren teknologiaz baliatuz, TOKIKOM webgunea garatu dugu CodeSyntax-en. RSS teknologiaren erabilera intentsiboa egiten du TOKIKOMek. RSS bidez jasotzen dira komunikanid ezberdinen titularrak eta, era berean, jasotakoarekin RSS jario propioa sortzen dugu, beste webguneetan erraz txertatzeko modukoa. Horrela, bideratu eta errezten da informazioaren etengabeko zirkulazioa.

Horrez gain, eskualdekako aukeraketa ere egin dezakegu, leku jakin bateko  albisteak irakurri edo bertako aldizkaria zein den jakin nahi izanez gero.

Hasierako fase honetan, 20 aldizkarik hartu dute parte TOKIKOM-en  definizioan: Aikor  (Txorierri), Anboto (Durangaldea), Begitu (Arratia), Berton (Mahatserria), Drogetenitturri  (Ermua), Prest (Deustualdea), UK (Uribe-Kosta), Barren (Elgoibar), …eta kitto! (Eibar), Pil-Pilean (Soraluze), Aiurri astekaria (Beterri-Buruntza), Aiurri hamaboskaria (Beterri- Aiztondo), Goienkaria (Debagoiena), Asteleheneko Goienkaria (Debagoiena), Guaixe (Sakana), Hernaniko Kronika (Hernani), Karkara (Orio), Otamotz (Urretxu-Zumarraga), Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka) eta Txintxarri (Lasarte-Oria). Ekimena, esan beharrik ez dago, erabat irekia da, eta espero dugu kopuru hori etorkizun hurbilean handitzea.

TOKIKOM webgunea TOPAGUNEAren eskaparatea ere bada nolabait, eta bertan aurki daiteke hala TOKIKOMen beraren nola
aldizkari bakoitzaren inguruko informazio zehatza, kontaktatzeko modua eta abar.

Azkenik, zerbitzu komunen biltegia ere bada tokikom.com . Tokiko hedabideen lan-poltsa, esate baterako, bertan aurki daiteke, eta lantzen ari den publizitate eskaintza bateratuaren nondik  norakoak ere bertan egongo dira laster.

Xabier Goienetxe (Aikor! aldizkaria), Eneko Azkarate (Goienkaria), Jone Guenetxea (Anboto aldizkaria), Jasone Mendizabal (Topagunea) eta Joxe Rojas (Topagunea) lagunek aurkeztu dute gaur proiektua Durangoko Azokan.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek