Twitter burtsara irtengo dela eta...

2013/09/13
Albistea da Twitterrek erabaki duela burtsara irtetea. Iñaki Olano kazetariak deitu dit, hiru galderatxorekin adierazpen zatitxo batzuk eskertuko lituzkeela ETBko albistegietan emateko. Zirriborro gisa prestatu ditut berak emandako galderei nire erantzunak... Grabatutakoan ez dakit lerro hauetatik ezer esan dudan benetan, baina tira, idatziz prestatu naizenez, blogerako ere balio dezatela lerrook.

1.  Zenbateraino eutsi diezaioke Twitterrek fenomeno arrakastatsuari, sarean duen eragin aldetik eta empresa bezala?

Informazio eta komunikazio zikloan funtsezko erraminta bat bihurtu da Twitter, bai mundu osoan eta baita, hemen eta gaur, Euskal Herrian ere, euskarazko komunikazioan adibidez.

Pop kultura, meme eta txisteak, eztabaida politikoak, kontsumo produktuen marketin eta zabalkundea, aukera profesionalak, are eztabaida intelektualak ere... honetatik guztitik Twitterren dago, eta edukiaren aldetik, gauzetaz enteratzeko lehenbiziko lekua bihurtu da.

Beste alde batetik, demografikoki ere, esparrua zabaltzen ari da Twitter azken hilabeteotan, bereziki nerabeen artean.

Twitterrek oso ondo egin duen beste gauza bat da garapen gehigarrietarako API bat garatzea izan da, zerbitzu gehigarriak egitea permititzen duena. Horri esker, euskarazko Twitterreko jarduna behatzeko tresna bat egin ahal izan dugu gure enpresan, Umap; eta sarean beste hainbat zerbitzu eta produktutako ekosistema bat osatu da modu bertsuan.

2. Burtsan sartzeaz,  Facebook.en aurrekari txarra aipatu izan da … Twitterren kasuan zeintzu dira ahulezia edota sendotasun faktoreak?

Twitter askoz interesgarriago eta gozagarriago egiten zait niri Facebook baino. Hau ez da burtsako analista baten balorazioa, argi dago, baina Facebook tope batera iritsi dela iruditzen zait, produktuaren interesa topera iritsi da, eta publizitatea esplotatzeko moduetan ere ematen duena ematen du. Nik uste dut, ordea, interesa erakartzen eta aukera publizitarioetan aukera gehiago dituela Twitterrek, hazteko perspektibak. Bereziki mugikorrean kontsumitzeko oso formatu egokia du, Facebook-ek ez daukana, eta uste dut merkatua oso atento dagoela horretara.

3. Arrakastaz hil edo moda aldakorren biktima izatetik libre al dago Twitter?

Arrakastaz hil ez behintzat, hazkunde esponentzialerako gaitasun teknologikoa lortu dute jada. Moda aldakorren biktima izatearena zailagoa da pronostikatzen; Myspace edo Fotolog bezalako zerbitzuen gainbehera gogoratu daiteke... Hala ere, nik uste dut geratzeko dagoela Twitter hemen.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.