Zinema Uneak: sinpletasunetik eraikitako webgune konplexu bat

2016/12/16
ZinemaUneak webgunea ireki dugu bezero batentzat aste honetan. Bere balio nagusia argi dago: bere sustatzaile nagusia den Lander Arteagaren lana eta zine-zaletasuna da. Baina lana erraztu nahi izan diogu bezeroari, eta datu-base erabilterraz baina funtsean konplexu bat prestatu diogu.

ZinemaUneak eraikitzeko oinarria puntu zehatz eta sinple batetik abiatu genuen, "filmoteka" elikatzeko sistema erraz bat jarri diogu webguneari. Kudeatzaileak nahikoa du eduki kudeatzaile edo CMS-an datu soil bat sartu (Imdb kodea), eta horrekin hau bezalako orri bat sortzen da.

IMDB da Interneteko zine datubase handiena, eta film bakoitzak URL-an agerikoa duen kode bat dauka: www.imdb.com/title/tt3748528 URL-ean adibidez, tt-zenbaki hori da. Zinema Uneak-eko editore batek egin behar duen gauza bakarra da kode hori hartu, eta kudeaketa botoi batetik, taka! fitxa segituan betetzen da. Honako hau sortzea, IMDB kode bat apuntatu eta bi botoi klikatzea da, ez besterik:



Datutegi osoa betetzen da horrela, kartela barne. Datu sinple bat gehiago ere gehiturik, trailerra izango genuke: Youtube kodea da hori, URL-etatik ateratzen ahal den datua. Bai Youtube eta bai IMDB-rekin konektatzen da automatikoki gure kudeaketa sistema.

Hamar film gehitzea filmotekara, beraz, bi minutuko lana da, IMDB kodeak apuntatzen badituzu.

Eta ondoren... albisteak (eta argazki galeriak) gehitu ahala, haietan IMDB kodeak gehitzea da koxka, hori filmeekin erlazionatua ageri dadin, bi norabideetan. Batetik, albistearen azpian aipatu ditugun filmak ageri dira zerrendatuta (eta IMDB kode bat ez badago, behintzat datubase horretara bideratzen dugu erabiltzailea):



Eta filmaren fitxan ere albisteak zerrendatuta ageri dira.

Era berean, kritikak ere filmarekin lotuta daude IMDB kodearen bidez, eta aldi berean, film fitxak kritiketatik "izar ertainak" lortzen ditu, balorazio ertain bat. Eskema honen arabera, beraz, filmak sortzea da koxka, eta filmen azpian, erlazionatutako eduki sorta handi bat eratzen joan daiteke pixkanaka, diagrama honetan bezala:



Albiste, kritika eta filmak IMDB kodearen bidez lotzen diren bezala; filmak antolatzeko sistema bikoitz paralelo bat du webguneak.

Bat da Filmoteka deritzoguna, non filmen genero, urte edo aurkibide alfabetikoaren arabarako murrizketak egin daitezkeen (baita bilaketa libreak ere), eta era berean "Estreinaldiak" atala, zeina, funtsean, egutegi bat den: Estreinaldien ordenatzea, aste honetako filmak erakutsiz nagusiki, baina baita etorkizunekoak edo iragandakoak ikusteko aukerarekin, automatikoa da funtsean. IMDB datubasetik ekartzen ditugun datuen artean Hego Euskal Herriko estreinaldi data dago.

Makina martxan dago... gure lana egina dago: orain kudeatzaileen lana geratzen da, astero zinez betetzea ZinemaUneak.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.