Azpiwebgune edo microsite-ak, aparteko diseinu eta edukiak lantzeko erreminta

2015/10/19
Azpiwebguneak erreminta bikainak izan daitezke zenbait ekimen modu berezituan komunikatzerako orduan, euren diseinu eta eduki-zuhaitz propioa izan dezaketelako, webgune korporatiboaren baitan. Horrela, aparteko webguneak sortu beharrean azpiwebguneak erabiltzen baditugu, azpiegitura eta marka bakarra landu beharko ditugu.
Azpiwebgune edo micrositeen adibideak

Azpiwebgune edo micrositeen adibideak

Demagun gure erakundeak ekimen berri bat sortu duela, edota produktu/zerbitzu berri bat. Oso berezia da, egiten dugun gainerakoarekiko desberdina. Eta modu berezian nahi dugu komunikatu. Agian logo propioa egingo diogu. Panfleto edo katalogoa ere bai. Eta Interneten? Kasuen, webgune korporatiboa zurrunegia geratzen zaigu, estetika berezia landu nahi dugu eta ez da komeni beste produktu/zerbitzuekin nahastea. Sarri egiten dira halako gogoetak, enpresa, elkarte zein administrazio publikoan. Ikusi besterik ez dago zenbait erakundek euren historian zehar sortu duten webgune andana. Eta erakunde horrek hamaika webgune desberdin edukitzen amaitzen du.

Horrelako webgune desberdinen ekosistema bat sortzeak baditu arazoak. Batetik, komunikazioa dela eta, erabiltzailearen buruan hainbat marka eta webgune barneratu behar ditugu, gogora araztea zailduz. Bestetik, webguneak sortzea erraza da, baina gero mantendu egin behar dira: eduki berria gehituz eta teknikoki zainduz. Gainera webgune horietako bakoitzak bere urteroko ostatatze kostua izaten du. Ekimen horiek abandonatuz joaten gara sarri eta webguneak ere bai. Azkenean, webguneen elefanteen hilerria osatuz joaten gara.

Aparteko webguneak sortu beharrean bada beste aukera bat: microsite edota azpiwebguneak. Badira urte pare bat gure azpiwebguneak sortzeko erreminta sortu genuela Plone eduki kudeatzailearen baitan. Lehen esperientzia Bertsozale elkartearekin izan genuen. Hainbat txapelketa antolatzen dituzte, lau urteko Nagusiaz gain lurraldeetakoak ere bai. Ordura arte aparteko webguneak zituzten txapelketa bakoitzarentzat. Gurekin landutako azpiwebguneen erremintari esker modu errazean sortu dezakete microsite bat txapelketa berri batentzat, bakoitza bere diseinu propioarekin, baina webgune nagusiaren baitan.

Zergatik sortu azpiwebguneak?

Zeintzuk dira abantaila eta ezaugarriak? Arrazoiketa teknikoaz gain, marketina ere bada.

  • Azpiegitura tekniko bakarra. Teknikoki azpiegitura bakarra da. Horrek erraztu egiten du eguneraketa teknikoak egitea. Hamaika webgune baditugu, guztiak eguneratu behar ditugu. Eta eguneratzen ez badira, litekeena da segurtasun zuloak sortzea, Spam-a sartzeko edota bestelako arazo larriren bat eragiteko.
  • Eduki zuhaitz eta diseinu propioa daukate azpiwebgune hauek.
  • Webgune nagusiarekin integrazio handiagoa lortu dezakegu, adibidez, albistegi edota agenda nagusiarekin bateratuz. Honek marka bat (webgune korporatiboarena) landu eta sendotzera lagunduko du.
  • Edukia kudeatu behar duten editoreen ikuspuntutik, hobe da beti erreminta bera erabiltzea, bestela hamaika ikasi behar (hemen Plone, hor Liferay eta han Wordpress).
  • URL helbide berezitu bat zabaldu dezakegu (adibidez www.txapelketanagusia2017.eus), eta gero hori azpiwebgunera desbideratu.
  • Posizionamendua dela eta, webgune bakarra egongo ginateke sustatzen, domeinu bakarra. Eta hori guztien mesederako izan daitekeela uste dugu. Bestela, hamaika webgunek euren kasa, bakardadean, borrokatu beharko dute ondo kokatzeko Google-en.
  • Webgune nagusiaren baitan egonik, ez daukate aparteko ostatatze kosturik.

Egia da zenbait kasutan, erakundearen beraren ezaugarriak eta tamaina direla eta, zentzuzkoa izan daiteke aparteko webgune bat lantzea. Baina kasu bakanak izan behar direla iruditzen zaigu.

Landu ditugun hainbat azpiwebgune

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.