Bilboko Lo Hacemos / Egingo Dugu jardunaldietatik bueltan

2011/10/11
"Partaidetza era berriak bizitza publikoan" izan zen goiburua joan den astean Bilbon egindako Lo Hacemos / Egingo Dugu jardunaldietan. Han izan zen CodeSyntax, eta ideia eta adibide interesgarriekin itzuli ginen etxera. Baita hausnarketa parearekin: prozesu handietatik haratago, aplikazio praktiko txikietan urratsak eman daitezkeela; eta euskarazko "periferiaren" papera era honetako jardunaldietan.

Joan den astean Bilbon izandako Lo Hacemos / Egingo Dugu jardunaldietan izan nintzen. "Partaidetza era berriak bizitza publikoan" zen goiburua, eta horren inguruan Espainian hizlari ezagun bilakatu diren zenbait ekarpen entzun genituen (Dolors Reig, Enrique Dans, Juan Freire...); hauen ekarpenak Asier Gallastegik laburtu ditu artikulu honetan.

Ekarpen teoriko horiek interesgarriak izan ziren baina, neure aburuz, ikusitako aplikazio praktikoak izan ziren interesgarrienak, adibidez heziketaren alorrean aplikatutako Cibermanagers eta Cibercorresponsales ekimenak, edo Lotura euskal enpresak sortutako ArreglaMiCalle (ondo azaldu zuen hau Idoia Sotok).

Uste dut ArreglaMiCalle adibide sinple eta praktikoa dela. Herritarrentzat baliagarri, eta udalentzat, erosteko moduko aplikazio bat. Politikariek eta herri-aginteetako arduradunek partaidetza herritarra parametro politiko eta sozialetan hausnartu behar dute, baina hitz potolo eta plan estrategikoetan geratzen bagara, fokoa gal dezakegu praktikotasunetik. ArreglaMiCalle ez da herri-bizitzaren demokratizaziorako ezinbestekoa, baina bada gauza praktiko eta txukuna.

Guk uste dugu beste aplikazio hau ere kategoria horretakoa dela, CodeSyntax eta La Personnalite enpresen artean garatua Bilboko Kirol Patronatuarentzat. Ez bakarrik programazioa eta diseinu/arkitektura daude inplikatuta ekimen horretan, bezeroaren aldetik ere prozesua barneratu da eta protokolo baten arabera jokatzen da, ideiak hobetsi, atzera bota eta, edozein kasutan, azaltzeko.

Beste alde batetik, jardunaldietan entzule izandako euskaldun dexenteren artean komentatu genuena: zein toki gutxi euskarak, eta euskaraz sortutako hausnarketak edo sareko lanak, jardunaldi hauetan. Miguel Del Fresno hizlariak sare-egitura berrietan erdiguneko nodoetatik urruti, periferiak esklusio arriskua bizi duela esan zigun. Eta horrekin batera, bai berak eta beste hizlari batzuek ere, Arabiar Udaberriko blogarien kasuak aipatu... Kontxo, urrutiko periferia batzuk ikusteko gaitasun hori, eta gain-gainean duzunarekiko itsutasuna!

Ba ez, euskaraz dihardugunok sarean beste edozein bezain prestatuak gaude, teknikoki eta formakuntzaren aldetik, parte-hartze prozesu berriei ekiteko. Eta izatez, jardunaldietan ere, mahaitik ez, baina publikoan eta Twitterreko jardunean, euskaraz dexente jardun genuen askok.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.