2023/11/08
2016an argitaratu genuen Mendiak APPa. Harrezkero 50 eguneraketa baino gehiago izan ditu aplikazioak, baina 2023ko urrian bertsio erabat berri bat argitaratu dugu, orain arteko antolaketa beretsuarekin, baina teknikoki berritua, arinagoa eta erabilgarriagoa, eta diseinuz ere modernoagoa. Lan berezia egin dugu mapen sistema eta mapa bidezko nabigazioa eguneratzen eta hobetzen. Aldaketak aldaketa, jatorrizko helburuari tinko eusten diogu: euskal mendizaleentzat aplikazio arin eta erabilgarri bat eskaintzea, beren mendi-igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko.

2016ko udazkenean sortu genuen Mendiak webgunea eta APPa, Euskal Herriko mendien datu-basea. Euskal Herriko 3.000 mendi ingururen informazio osatua ematen du eta, gainera, mendizaleei tresna erabilerraz bat eskaintzen die euren igoerak markatzeko eta lagunen artean partekatzeko. Aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako zein iPhonerako dago garatuta. 

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Mendiak aplikazioak 7 urte bete ditu aurten, beraz, eta denbora honetan hainbat hobekuntza eta berrikuntza joan gara gehitzen. Besteak beste, fitxetako informazio praktikoa eta igoera-bistak hobetu genituen 2020an, Euskal Herriko mendilerro guztiak ere gehitu genituen 2021ean, mapa sistema berriarekin batera, eta edukia ere etengabe gehitu dugu datu-basean, hasieran genituen 2000 mendietatik 3000 mendira iristeko eta askoz informazio osatuagoa emateko (igoeren informazio praktikoa, Trackak, argazkiak, eta abar). Eduki aldetik egin den azkenengo eguneraketa 2023ko uztailean egin da, Gipuzkoako postontzi guztien informazioa gehitu dugunean aplikaziora, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Mendizale Federazioarekin elkarlanean.

Azken asteotan, ordea, urrats handi bat eman dugu, 2016an sortutako azpiegitura tekniko osoa eguneratu eta aldatu baitugu, mapa-sistema eta nabigazio berriarekin. Orain arte eman izan dugun zerbitzu berbera ematen jarraituko dugu, baina modu arin eta erabilgarriago batekin, azpiegitura eta itxura berri eta modernoagoa emanez Mendiak APPari. Uztailean argitaratu genuen lehenengo Beta bertsioa, erabiltzaile batzuen artean testeatzen hasteko eta urrian zabaldu zaie azkenengo bertsioa erabiltzaile guztiei.

Hortaz, lehendik ere Mendiak aplikazioaren erabiltzaile bazara, eguneratu ezazu zure mugikorrean. Eta oraindik ez baduzu Mendiak APPa ezagutzen, oraintxe duzu aukera ezin hobea. Jaitsi eta probatu Mendiak.

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Mendiak APP: Euskal Herriko mendizaleentzat aplikazioa

MENDIAK, Euskal Herriko mendizaleentzat aplikazioa da. Mendizale arrunt eta familientzat pentsatutako aplikazioa. APP erabilerraza, mendiaren alderdi ludikoena eta aisialdikoa bultzatu nahi dituena eta, bide batez, mendizaletasuna bera ere sustatuz.

Zazpi urte hauetan aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago izan ditu, euskarazko aplikazio batentzat marka handia dena, eta aplikazioaren bitartez 125.000 mendi-igoera markatu dituzte euskal mendizaleek eta 110.000 irudi ere gehitu dituzte datu-basera.

Mendiak Apparen ezaugarri eta helburu nagusiak hauexek dira:

  1. Euskal Herriko mendien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa ematea: kokapena, altimetria, argazkiak, mapak, eta abar. Une honetan 3.000 mendiren informazioa aurkituko duzu.
  2. Norberak igotako mendiak markatu eta gordetzeko aukera ematea.
  3. Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzuk mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa, mendizalearentzat datu-base eta katalogo pertsonal modukoa ere bada.

Euskaraz dago, doakoa da, eta Android zein iPhonerako dago garatuta.

Mendizalea bazara eta oraindik ez baduzu ezagutzen, jaitsi Mendiak APPa eta probatu!

Lortu Google Play dendan

Lortu Google Play dendan

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek