Asier Sarasua
Mintzola.com webgunea aurkeztu da
Mintzola Fundazioak bere webgune berria aurkeztu zuen atzo Villabonako egoitzan, prentsa-aurrekoan. Mintzolaren helburua da ahozkotasunaren inguruko bilketak eta azterketak egin eta guztia herritarren esku jartzea. Premia horiei erantzuteko asmoz sortu dugu Codesyntaxen Mintzola.com webgunea.
Ahozko tradizioan sakonduz gizartearen premia berriei erantzun egokia eman nahi dien erakundea da Mintzola. Ahozkotasunaren ikerketa da bere zeregin nagusia, eta ondorengo bi egiteko ditu zehaztuta: ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izan, eta ahozko komunikazio beharrei erantzun.
2009. urte bukaeran eratu zen Fundazioa eta atzo bertan aurkeztu zuen prentsa-aurrekoan bere webgune berria, bere mezua eta helburuak sarean zabaltzeko asmoarekin. Aurkezpena Villabonako Subijana etxean izan zen (Mintzolaren eta Bertsolari Elkartearen egoitza dena) eta hantxe izan ginen Codesyntaxeko ordezkariak, Josune Zabalarekin (Mintzolako zuzendaria) eta Estibalitz Alkortarekin (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria).
Webgunea sortzeko orduan, Mintzolaren premiak izan ziren abiapuntua. Horien artean, txikitik hasita, datozen urteotan hazi egingo den webgunea behar zuen Mintzolak. Oraindik hasten dagoen Fundazioa da, baina etorkizun hurbilean asko handituko dena. Horregatik, webgune malgua behar zuen, bai diseinuan, zein eduki-kudeaketan eta antolaketa orokorrean. Hori dela eta, Plone plataforma aukeratu genuen webgunea sortzeko, oraingo beharrak ez ezik, datozen hilabeteetan sor daitezkeenak ere asetuko dituelako.
Plone CMS bat da (Content Management System; edukiak kudeatzeko sistema bat), Zopen dago oinarrituta eta kode irekikoa da. Codesyntaxek hainbat erakunderentzako eta elkarterentzako lanak egin izan ditu Plonen oinarrituta, besteak beste, Anesvad.org, Zumaia.net, Ulmapackaging.com, Egoibarra.com, Hotsak.com, Debabarrena.net,...
Webgunearen ezaugarri teknikoen artean, hauxek azpimarratuko genituzke: produkzio bizkorra eta intuitiboa, web itxurako kudeaketa-interfazea, eleanitza, irisgarria, bilatzaile arin eta sendoa, modulagarria izatea...
Mintzola.com webgunearen kasuan, une honetan webguneak lau atal nagusi ditu: Fundazioaren aurkezpena, Egitasmoak, Dokumentazio egitasmoa, eta Aretoen erabilera. Horrez gain, kasu honetan garrantzi berezia izango du albistegiak, Mintzola Fundazioaren inguruko berriak eta ahozkotasunaren inguruko informazioa argitaratuko dituena. Buletin batekin lotuta egongo da eta albisteak RSS zein e-postaz jasotzeko aukera emango du.
Helburua, beraz, hasieratik, Mintzolak zituen behar eta premiei erantzutea izan da, betiere webgunea erabiliko duten bisitariengan
pentsatuta. Webgunea irisgarria da, nola ez, eta erabilgarritasunari ere garrantzi berezia eskaini nahi izan diogu, erabiltzaileek informazioa azkar aurkitu dezaten. Informazioa da helburu nagusia, hortaz: edukiaren antolaketa egokia, albistegia eta buletina, bilatzaile arina, eta abar.
Mundialeko porra Codesyntaxen
Inoiz baino gogo eta interes gehiago jarri dut aurten mundialean. Disfrutatzen ari naiz. Partiduekin, taldeen gora-beherekin eta mundialeko porrarekin! Izan ere, porra mundiala egin dugu Codesyntaxen, bertako teknikoen eta GoogleSpreadsheets erabilita.
Codesyntaxen ez gara oso futbolzaleak, baina bai porrazaleak. Aitzolen eta Azpiren arteko tirabirei esker, azken horrek porra ederra sortu du. Etiam eta Mendicute izan dira kakati bakarrak; besteok hortxe dihardugu, jo-ta-sua, Paraguai, Ghana eta Eslovakia bezalako selekzioak animatzen.
Uste dut porra horri esker inoiz baino sutsuago dihardugula mundiala jarraitzen. Bestela ere jarraituko genuke gutako gehienok, baina porrak beste zer bat ematen dio lehiari. 10 euro besterik ez ditugu jokatu, baina Aitzol eta Kere hor behean ikusteak... horrek ez dauka preziorik!
Porra egiteko bi alderdi landu behar genituen.
Alde batetik, taldeak aukeratzeko sistema eta puntuazioa. Eztabaida luuuze-luzeak izan ondoren, azkenean horrela egin dugu: Mundialeko 32 taldeak 4 multzotan banatu (onenetik txarrenetara) eta guztira 11 talde aukeratu behar izan ditugu (1, 3, 3, 4). Garaipen bakoitzeko, talde bakoitzak 3 puntu jasotzen ditu; gol bakoitzeko 1,5 puntu eta jasotako gol bakoitzeko -1. Fasea pasatzen den bakoitzean puntu extrak (8, 10, 12, 25) eta txapeldunari beste 20 puntu. Goleatzaile pare bat ere aukeratu behar izan ditugu eta gol bakoitzeko 2 puntu jasotzen ditugu.
Azpiegitura teknikoari dagokionez, hasiera batean Django gainean garatzea pentsatu genuen, baina azkenean Google Spreadsheets erabili dugu. Kalkulu eta grafika guztiak berak ematen dizkigu, CSko ingeniarien lanari esker. Azkar, arin eta zuzen.
Porrari egindako gainbegiratuarekin errepasoa emango diot mundialaren lehenengo zatiari. Hauek izan dira nire aukerak:
Faborito nagusiak (1 hartzeko): Brasil edo Espainia.
- Nik Espainia hartu dut. Mundiala irabazten badu, gutxienez puntu batzuk emango dizkit. Gaitzerdi.
Faboritoak (3 hartzeko): Argentina, Holanda, Portugal, Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Italia.
- Alemania. Talde gazte eta kalitatekoa dauka.
Dena normal joanda Argentina izango zuen finalerdietan (hala dirudi) eta
Maradonak ez dit konfidantzarik ematen. Alemania hartu eta Argentina
utzi nuen.
- Holanda. Sailkapen-talde erraza
zeukan (Danimarka, Japonia eta Kamerun). Finalerako bidean Brasilen
koadro berean dago, baina itxaropena neukan (eta daukat). Egia da azken
urteotan ez direla fin-fin ibili, baina kalitatea daukate, talde
orekatua, eta gola.
- Ingalaterra.
Sailkapen-talde erraza zeukan eta koadro erraza finalerako bidean
(Frantzia-Uruguai-Mexiko-Serbia-Ghana... izan zitekeen bere arerio
finalerako bidean). Ia-ia finalista ikusten nuen. Baina sailkapen faseko
bigarren geratu, Algeriaren aurka berdinduta, eta kaka. Dagoeneko
kalean da. Hortxe galdu dut porra.
- Italia eta
Frantzia ez nituen ondo ikusten. Eta Portugal Brasilen
taldean zegoen eta Espainiarekin gurutzatuko zela zirudien (hala izan
da).
Tartekoak (3 hartzeko): Serbia, Uruguai, Kamerun, AEB, Mexiko, Suitza, Nigeria, Txile, Paraguai, Grezia.
- Ez zitzaidan kostatu hiru aukeratzea: Paraguai, AEB eta
Serbia. Lehenengo fasea aise gaindituko zutela pentsatzen nuen.
Aukera asko zituztela. Batez ere, Paraguaik, Italiak sekula ez duelako
lehenengo fase ona egiten. AEB ere bere mailan ibili da. Baina Serbiak
huts egin dit. Azken partidako azken minutuan penaltia izan zuen
sailkatzeko... eta kale!
- Txile
ere ondo ikusten nuen, baina Brasilen aurka gurutzatu behar zenez zortzirenetan... ez nuen aukeratu.
- Uruguai edo Mexiko
aukeratzekotan ere izan nintzen, baina euren multzoa ez nuen
batere garbi ikusten (Frantzia eta Hegoafrika ere hortxe zeuden). Zein
sailkatuko zen? Zein ez? Zalantza larregi. Gaizki egin nuen, garbi dago.
Uruguaik egundoko puntu extra pila emango ditu porran. Ziurrenik, porrako txapeldunak Uruguai izango du bere taldeen artean.
Eskasak (4 hartzeko): Boli Kosta, Algeria, Ghana, Japonia, Danimarka, Hegoafrika, Australia, Hego Korea, Eslovenia, Eslovakia, Zeelanda Berria, Honduras, Ipar Korea.
- Hego Korea sailkatuko zela iruditzen zitzaidan.
Puntutxo batzuk eman dizkit.
- Hegoafrika ere hartu beharra zegoen. Herrialde antolatzaileak beti sailkatu izan dira bigarren faserako. Aurten izan ezik, jakina. Kaka.
- Eta beste biak? Ez zegoen aukera handirik. Zeelanda Berria hartu nuen, Italiaren taldean egonda punturen bat lortuko zuelakoan. Halaxe izan da. Eta Danimarkari ere aukeraren bat ikusten nion; bere taldean Japonia baino hobea zelakoan. Baina Japoniak ezustekoa eman zuen.
Eta horrelaxe gabiltza, mundialeko giroan erabat murgilduta. Algeria-Eslovenia edo Eslovakia-Paraguai bezalako partida interesgarriak ikusten.
Nolabait esateko, mundiala oraintxe hasten da, final-zortzirenetatik aurrera. Baina gutako batzuek, honezkero, jai daukagu. Talde asko kanporatuta, beste zenbait makal... Hala ere, puntuazio-sistema dela eta, uste dut final-aurreak arte emozioa izango dugula porran.
Hauxe da une honetan sailkapena. Neska bakarra porran eta bera nagusi. Dani ere gertu eta beste 5-6 tropelean:
Argazkiak.org | Porra CS Mundiala © cc-by-sa: sustatu
Beste grafika honetan, berriz, talde bakoitzak eman digun puntu kopurua (kontuan izan horietako batzuek oraindik ez dutela final-zortzirenetako partidarik jokatu):
Argazkiak.org | Porra CS Mundiala: taldeak © cc-by-sa: sustatu

