Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera CS-Tailerra CS-Tailerraren bloga

CS-Tailerraren bloga

GNU Screen, ahaltsu bezain ezezaguna

by Aitzol Naberan — azken aldaketa 2010/07/22 09:07
Etiketak:

Gaur egungo Linux banaketa gehienetan instalatuta egon arren oso jende gutxik erabiltzen du tresna hau.

Ingurune grafikorik erabiltzen ez duten edo eta erabili arren terminalari beldurrik ez diotenek ezagutu eta erabili beharko luketen tresna da screen.

GNU Screen-ekin hainbat terminal izan ditzakegu martxan terminal (fisiko zein birtual) bakar baten barruan. Non dago honen berezitasuna? Gaur egun nahi beste terminal birtual izan ditzakegu ezta? Berezitasun nagusia Screen-en funtzionatzeko eran dago, terminalen zerbitzari bat bailitzan funtzionatzen du.

Nahi beste terminal berri gehitu ditzakegu Screen saio batean eta hauek ez dira hilko nahiz eta screen martxan jarri duen terminala itxi.

Abantailak:

  • Nahi gabe egindako terminal itxierek ez dute bertan exekutatzen zegoen aplikazioa hiltzen.
  • Urruneko makina batera hainbat konexio zabaldu beharrean, konexio bakarrarekin nahi beste terminal izan ditzakezu.
  • Saioak berreskuratzeko aukera. Jatorrizko terminal itxierak ez duenez prozesu nagusia hiltzen, posible da berriro makina horretara konektatu eta screen barruan exekutatzen ari diren terminalen egoera berreskuratzea.

Frogatu dezagun screen:

  • Zabaldu ssh saio bat kanpoko konputagailu batera (ez badaukazu inon ssh konturik, zure makinan bertan egin dezakezu froga terminal birtual bat erabiliz)
  • Exekutatu screen
  • Jarri top komando bat martxan
  • Screen-en terminal berri bat gehitzeko sakatu Ctrl-a eta c
  • Exekutatu emacs -nw /tmp/test.txt zabaldu berri duzun terminalean (emacs ez badago aukeran, zabaldu gaitasun txikiagoko beste edozein testu editore)
  • Aurrez sortutako top terminalera bueltatzeko Ctrl-a eta p (edo Ctrl-a + 0-9)
  • Askatu screen saioa terminaletik Ctrl-a eta d
  • Itxi ssh saioa zabaltzeko erabili duzun terminala.
  • Ireki berriro ssh saio bat lehengo makinara
  • Berreskuratu screen saioa screen -r (screen saio bat baino gehiago zabalik baldin badaukazu screen -ls erabili dezakezu pid-ak ikusteko eta gero screen -r pid erabili)

Hau adibide bat baino ez da. Screen-ek aukera ugari dauzka, eta erabili ahala seguru gauza berriak deskubrituko dituzula.

Gehiago jakiteko:

Mintzola.com webgunea aurkeztu da

by Asier Sarasua — azken aldaketa 2010/07/20 09:54

Mintzola Fundazioak bere webgune berria aurkeztu zuen atzo Villabonako egoitzan, prentsa-aurrekoan. Mintzolaren helburua da ahozkotasunaren inguruko bilketak eta azterketak egin eta guztia herritarren esku jartzea. Premia horiei erantzuteko asmoz sortu dugu Codesyntaxen Mintzola.com webgunea.

Ahozko tradizioan sakonduz gizartearen premia berriei erantzun egokia eman nahi dien erakundea da Mintzola. Ahozkotasunaren ikerketa da bere zeregin nagusia, eta ondorengo bi egiteko ditu zehaztuta: ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izan, eta ahozko komunikazio beharrei erantzun.

2009. urte bukaeran eratu zen Fundazioa eta atzo bertan aurkeztu zuen prentsa-aurrekoan bere webgune berria, bere mezua eta helburuak sarean zabaltzeko asmoarekin. Aurkezpena Villabonako Subijana etxean izan zen (Mintzolaren eta Bertsolari Elkartearen egoitza dena) eta hantxe izan ginen Codesyntaxeko ordezkariak, Josune Zabalarekin (Mintzolako zuzendaria) eta Estibalitz Alkortarekin (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria).

Mintzola.com aurkezpena

Webgunea sortzeko orduan, Mintzolaren premiak izan ziren abiapuntua. Horien artean, txikitik hasita, datozen urteotan hazi egingo den webgunea behar zuen Mintzolak. Oraindik hasten dagoen Fundazioa da, baina etorkizun hurbilean asko handituko dena. Horregatik, webgune malgua behar zuen, bai diseinuan, zein eduki-kudeaketan eta antolaketa orokorrean. Hori dela eta, Plone plataforma aukeratu genuen webgunea sortzeko, oraingo beharrak ez ezik, datozen hilabeteetan sor daitezkeenak ere asetuko dituelako.

Plone CMS bat da (Content Management System; edukiak kudeatzeko sistema bat), Zopen dago oinarrituta eta kode irekikoa da. Codesyntaxek hainbat erakunderentzako eta elkarterentzako lanak egin izan ditu Plonen oinarrituta, besteak beste, Anesvad.org, Zumaia.net, Ulmapackaging.com, Egoibarra.com, Hotsak.com, Debabarrena.net,...

Webgunearen ezaugarri teknikoen artean, hauxek azpimarratuko genituzke: produkzio bizkorra eta intuitiboa, web itxurako kudeaketa-interfazea, eleanitza, irisgarria, bilatzaile arin eta sendoa, modulagarria izatea...

Mintzola.com webgunearen kasuan, une honetan webguneak lau atal nagusi ditu: Fundazioaren aurkezpena, Egitasmoak, Dokumentazio egitasmoa, eta Aretoen erabilera. Horrez gain, kasu honetan garrantzi berezia izango du albistegiak, Mintzola Fundazioaren inguruko berriak eta ahozkotasunaren inguruko informazioa argitaratuko dituena. Buletin batekin lotuta egongo da eta albisteak RSS zein e-postaz jasotzeko aukera emango du.

Helburua, beraz, hasieratik, Mintzolak zituen behar eta premiei erantzutea izan da, betiere webgunea erabiliko duten bisitariengan
pentsatuta. Webgunea irisgarria da, nola ez, eta erabilgarritasunari ere garrantzi berezia eskaini nahi izan diogu, erabiltzaileek informazioa azkar aurkitu dezaten. Informazioa da helburu nagusia, hortaz: edukiaren antolaketa egokia, albistegia eta buletina, bilatzaile arina, eta abar.

Mintzola.com pantaila-irudia

Mintzola, ahozko lantegia

Pencil: webguneen prototipoak egiteko tresna

by Gari Araolaza — azken aldaketa 2010/07/19 09:00

Webgune bat sortzerakoan lehenengo pausoetakoa izaten da maketa edo amerikarrek Wireframe esaten diotena egitea. Horretarako tresna oso egokia da Pencil

Duela zenbait hilabete frogatu genuen baina ez zegoen orain bezain aurreratua. Duela pare bat aste berriz frogatu eta etxerako hartu dugu!

Pencil Project, Firefox-ean ezartzen den aplikazio bat da, arina eta erraz erabiltzen den horietakoa. Bere helburua, webgune eta aplikazioen prototipo eta maketak sortzea erraztea da.

Webgune bat definitzen ari garen fasean, oraindik diseinurik ez dugula komeni da egiturak antolatu, lehentasunak definitu eta informazioa egoki antolatzea. Maketa hauen gainean behar den guztia eztabaidatzen bada, gero lanak asko errazten dira eta arazo gutxiago izaten da.

Tresna honek berdin balioko dizu ordenagailurako edo eskuko telefonorako aplikazio bat nolakoa izango den pentsatzen ari bazara.

Eman aukera bat Pencil aplikazioari eta kontatu ea nola datorkizuen.

Interneteko marketina eta elkarrizketa

by Mikel Lizarralde — azken aldaketa 2010/07/15 20:10
Etiketak:

Zer da marketina? Nola egokitu marketina internetera? Nola jardun behar du enpresa edo erakunde batek? Zein aukera eskaintzen dizkigu? Hainbat galderari erantzuna ematen ahalegindu gara bi egunetan emandako ikastaro honetan.

Luistxok atzo aipatu zuen Interneten nola idatzi azaltzen jardun zuela UEUren udako ikastaroetan. Ikastaroaren lehen eta azken saioak nire esku egon ziren, sareko marketinaren sarrera eta elkarrizketan nola parte hartzearen azalpena.

Sarrera: Interneteko marketina

Funtsean, marketina bezeroaren beharrak ezagutu eta asetzea da. Lan hau egiteko internetek hainbat aukera ematen dizkigu, bereziki bezeroekin sakonagoak izateko. Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan Cluetrain Manifestuaren defendatzaileak garela, eta sarea, eta marketina oro har, pertsonen arteko elkarrizketa moduan ulertzen dugula.

Horretaz gain, ikastaroan aipatu behar genituen gaien hurbilpena ere egin genuen. Hona hemen erabilitako aurkezpena:

 

 

Elkarrizketan parte hartu

Ikastaroa bukatzeko, sarean ematen ari den elkarrizketan nola parte hartu aztertu dugu. Edukia sortzeko dauzkagun aukerak: blogak, bideoak, argazkiak eta abar. Eposta kanpainek duten garrantzia bezeroarekin harremanetan. Baita sare sozialen inguruan sortzen ari den mugimendu guztia; Facebook edota Twitterren jarduteko era ezberdinak ikusi ditugu, beti ere erabiltzailea/bezeroa buruan izanda.

 

 

Telebistan

Atzo ETBko kazetari talde bat gerturatu zen UEUren egoitzara eta ondorengo bideoa prestatu zuten ikastaroa dela eta.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu ikasleei jarritako gogoagatik. Baita UEUri ere ikastaro hau emateko aukera eskaintzearren.

Nola idatzi Interneterako

by Luistxo Fernandez — azken aldaketa 2010/07/14 17:15

Zertarako eta nola egon Interneten? Nola erabili sarea marketinerako? Zer eta nola idatzi... UEUk txanda honetan antolatutako ikastaroetako bat prestatu eta ematen ari gara CodeSyntax-ekoak. Neuk jardun dut gaur, puntu zehatz horren inguruan: nola idatzi Interneterako.

Gaur eta bihar, CodeSyntax-eko lankide batzuen artean, UEUko ikastaro batean dugu zeregina eta lana: Marketina Interneten. Horren barruan, neuri, Interneten nola idatzi azaltzen saiatzea tokatu zait.

Aurkezpena hemen dago, baina oharra ohikoa da: aurkezpena ez da ulertzen hizlari edo irakaslearen azalpenik gabe. Hala ere, puntutxoren bat garatuko dut.

 

 Bat, ez idatzi poesiarik, eta idatzi gauzak diren bezala.

  • Eleberriaren mugak gainditu eta hezur-haragizko bihurtu dira Daniel eta Paulo Obabatarrak


Ez, hori ez da izenburu bat Interneterako, Zabaldun horrela aurkitu nuen arren. Hobeto da:

  • Bernardo Atxagaren 'Bi Anai' eleberrian oinarrituta film bat egingo dute


Eta poesiarik gabe idazteaz gain, erabili txosten itxurako erredakzioa. Parrafo laburrak, estekak benetako helmuga diren tokietara, puntuz puntukoak, maketazio ahaleginik ez egin (argazki edo testuen justifikazioa, adibidez).

Bi. Ez idatzi Internet papera balitz bezala, edo ez idatzi papererako gauzarik, ez formatuaren aldetik (ez egin kartelik Interneterako, ez idatzi Wordik), ezta idazkeraren aldetik ere (ez idatzi fax itxurako prentsa-oharrik). Idatzi informazioa, testu-editore lau batekin; eta horren bertsioak egin gero, bat papererako (behar baldin bada), bestea sarerako.

Mesedez ez kargatu PDFrik, Wordik, kartelik informazioa zabaltzeko. Papera besterik ez da hori. Patetikoa iruditu zitzaidan duela egun batzuk, 10 puntuko dekalogo interesgarri bat nola aurkeztu zuen sindikatu batek. Hor duzue. Irudi huts batean. Pentsa 6. puntua kopiatu nahi duzula mezu batean idazteko: ba, hartu inprimagailu analogiko bat (=boligrafoa), eta eskuz kopiatu, ze beste biderik ez dago.

Komunikazio politikak, korporatibo eta pertsonalak


Idazkuntzarekin eta testuen presentazioekin zerikusia duten puntuez gain, komunikazio politikari dagozkion puntu batzuk tratatu ditugu. Erakunde batek informazioa korporatiboki eman dezakeela, izenpe zehatzik gabeko albisteekin adibidez; baina baita bere baitako aditu edo komunikatzaileen izen-deitura eta ikuspegi pertsonalen bidez.

Korporazio/pertsona jardun horretan Facebook zein Twitterren ere nola jokatu behar den tratatu dugu. Ikasle talde interesgarria hurbildu da UEUra eta puntu hauetan elkarrizketa interesgarria izan dugu. Facebook ezagunagoa zitzaien eta Facebook-eko erakunde/pertsona dikotomiaz hausnarketa egina zuten baten batzuek. Twitter, aldiz, urrunago zeukaten ikasle hauek. Hala ere, nik tresna horren etorkizunean asko sinesten dut eta hor ere trebatzeko gomendioa egin diet.

Azkenean, apur bat filosofiko ere jarri naiz azalpenetan: pertsona eta komunikatzaile gisa, komunitate euskaldunean dugun paper eta konpromisoaz jardun izan dut.

Komunikazioa eta merkatua, euskaldunen artean, 100.000 lagunen kontua izango da, akaso; ez ustezko 700.000 euskaldun horiena. Merkatu horretan, ideiak, produktuak eta sormena mugitu eta eraginkor bihurtuko badira, balio ekonomikoa eta balio sozial-kulturala sortu behar badute, euskaldun horiek aktibatu behar dira sarean; eta erantzukizun handia dute horretan, demagun 1.000 laguneko nukleo konprometitu batek (publikotasun gehiago edo gutxiago duten euskaldunak, komunikatzaileak...). Horiek ez badute eragiten, jai dugu. Interneten idatzi behar da, nola edo hala, baina idatzi behar dugu, e?